Gizarte Zerbitzuak Europako eskualdeak gizarteratzearen alde proiektuan

Guaixe 2014ko maiatzaren 8a

Edurne Razkin, Mikel Razkin eta Bego Zestau Madrilen izanen dira.
Europako Batasunak onartutako programaren barruan kontinenteko 25 erakunde heldu den astean Madrilen elkartuko dira.

Gaurtik larunbatera, Madrilen izanen da Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkaritza bat. Edurne Razkinek, Ekiñe Ramosek, Mikel Razkinek eta Bego Zestauk Europako eskualdeak gizarteratzearen alde izeneko proiektuan parte hartuko dute, Polonia, Espainia, Hungaria, Bulgaria, Errumania, Italia, Lituania, Belgika, Britainia Handia, Malta, Suedia eta Montenegroko beste 24 erakunderekin batera (tokiko gobernuak, GKEk, EBko goi mailako erakunde politikoak eta herritarrak). Guztien artean sarea sortu eta elkarlanean ariko dira.

Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkariek Madrilen bi esperientzien berri emanen dute. Alde batetik, babestutako gizarte enpleguaren bidez herrietako ondarea berreskuratzeko garatu duten Iturraskarri programa. Haren berri praktika onen inguruko saio batean emanen dute, toki komunitatearen sartzea arazo sozialen konponbidean izenburuarekin.

Bestetik, Arakil aldetik Madrila joandakoek gizarte sartze programaren bidez egiten dituzten lanak ere azalduko dituzte. Hurbiltze osagarriak eta administrazio publikoen zerbitzuak inklusio politiketan izenburuko mahai-inguruan izanen da.

Gehiago
Europako eskualdeak gizarteratzearen alde proiektua aurten eta heldu den urtean garatuko da. Edurne Razkin martxoan Poloniako Lodzen izan zen topaketak prestatzeko. Madrilgoaren ondoren, lastailean Polonian topaketa berria eginen dute. Han seminarioa eta lan taldeetan elkartuko dira gizarte ekonomiaz eta hark toki garapenean duen eraginaz hizketatzeko.

Heldu den urtean bi topaketa gehiago eginen dituzte. Apirilean Malta izanen da topagunea. Gazteria politikak, mugikortasuna, enpleabilitatea, familia eta hezkuntza arloko trukeak eta konponbideak gaiaren inguruan ariko dira orduan. Azken topaketa Belgikan izanen da heldu den urteko lastailean. Europako Batasunean gizarte inklusioko politikak, toki erakundeen papera gaiaren inguruko konferentzia izanen da Bruselan.

Sarea sortzeko
Poloniako Lodz eskualdeko garapen agentziaren ekimenez sortu da kontinenteko elkarlan sarea. Europako eskualdeak gizarteratzearen alde izeneko proiektua Europako Batasunaren Europa herritarrendako  programaren bidez diruz lagundu dute. Proiektuak 25 erakundeen artean sarea sortu, harremanak izan eta etorkizunean elkarlanean aritzeko atea zabaltzen du.

Irurtzungo egoitzatik esan digutenez, “krisiagatik eta, beste eskualdeetan egoera zailak pasatzen ari dira eta handik hona ekartzeko moduko ideiak egon daitezke”. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen langileen azaldu digutenez, “orain arte Europako Batasunak hartutako neurriak toki guztietara iritsi diren, eta nola, ikertuko dugu”. Besteak beste, Europako estrategiak, gizarteratzearen garapena, gizarte zibileko elkarrizketa, garapen iraunkorra…