Bada agiri bat, Aurretiazko Borondate Agiria, hau guztia biltzen duena. Agiri horretan pertsona batek adierazi dezake zer osasun tratamendu nahi duen ala ez, zein zainketa jaso gaixotasun zehatz baten eboluzioan, zer egin organoekin hil eta gero…; gure zaintza planifikatu dezakegu, noizbait kontutan hartua izan dadin, gure borondate edo nahia adierazteko ahalmena galtzen badugu (istripu edo gaixotasun larri bategatik adibidez). Bertan jasotakoa, legearen barruan badago, derrigorrez bete behar dute medikuek, estatu mailako erregistro batean jasota geratzen da.
16 urte gorako edonork egin dezake agiria (edozein unetan aldatu ere) hiru modu hauetako batean: adinez nagusi diren hiru lekukoren aurrean, notario aurrean edo agirien erregistroko funtzionario baten aurrean. Egokia da ere ordezkari bat izendatzea, pertsona horrek agiria egin duenaren borondatea jakin behar du eta medikuekin bozeramaile izan.
Informazio gehiago jaso daiteke osasun etxeetan, Osasunbideko web orria eta baita Iruñeko Amaia kalean dagoen Osasun Laguntzako Zerbitzuan ere. Badira agiri eredu ezberdinak, web orri horretakoak, elizakoak, duintasunez hiltzearen aldeko taldeenak, bioetika batzordeena eta abar; lagungarria da agiri eredu bat izatea baina bakoitzak nahi eran molda edo bete dezake. Gure osasunean esateko gehiago daukagu pazienteen autonomia dela eta, baina agiri hau betetzeak hausnarketa sakona eskatzen digu. Sentsibilizatuago egon daitezke alorreko profesionalak baina batez ere inguruan edo familian norbait zaintzen aritu direnak, norbait sufritzen ikusi dutenak.
Beraz, zure bizitzaren amaieran, osasun alorreko zure desioak kontuan izatea nahiko zenuke? Zure desio eta argibideak azaltzen badituzu beteko dira, beraz, pentsatu eta jasota utzi AURRETIAZKO BORONDATE AGIRIAn. Zure ingurukoei ezagutzera eman.