Ezkurdia eta Zabaleta Buruz Burukoan

Guaixe 2014ko maiatzaren 7a

Pilotariak aurkezpenean. Argazkia: Aspe.
Inoizko txapelketarik gazteenean, guztira 16 pilotari lehiatuko dira

Buruz Burukoa
Ezkurdia-Arretxe II.a (ostiralean, Zestoan, 22:00etan. ETB1)
Zabaleta-Untoria (igandean, Eibarren, 17:00etan. ETB1)

Asteartean aurkeztu zuten, Bilbon, 2014ko Buruz Burukoa. Guztira 16 pilotari lehiatuko dira orain arteko txapelketarik gazteenean. Izan ere, soilik lau pilotarik dituzte 30 urte baino gehiago. Pilotarien batez besteko adina 26,4 urtekoa da. Izar handiak pilotari gazteenekin tartekatuko dira. Tartean bi pilotari sakandar lehiatuko dira: Binakako txapelketan bikote izan ziren Jose Javier Zabaleta etxarrendarra eta Joseba Ezkurdia arbizuarra.

Txapelketa asteburuan hasiko da. Hasierako kanporaketako partidak zehazteko zozketa egin zen, eta Luciano Juaristi Atano X.ak atera zituen bolatxoak. Zozketak erabakita, ostiralean, Zestoan, Joseba Ezkurdia arbizuarraren eta Iker Arretxeren arteko partida jokatuko da, larunbatean Xala-Elezkano II.a eta Merino II.a-Albisu lehiak, eta igandean, Eibarren, Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak Untoria errioxarra izango du arerio, Eibarren. Irabazleek Retegi Bi, Barriola, Jaunarena eta Beroiz izanen dituzte zain final zortzirenetan. Final laurdenetan, aldiz, Olaizola II.a, Idoate, Urrutikoetxea eta Martinez de Irujo sartuko dira lehian. Finalerdiak ekainaren 8an eta final handia ekainaren 22an jokatzea aurreikusten da.

Ezkurdia eta Zabaleta
Ezkurdia eta Zabaleta Binakakoan elkarrekin aritu ziren baina kosta egin zitzaien txapelketan sartzea. Orain, Buruz Burukoan, arantza atera nahi dute. Ostiralean Joseba Ezkurdiak Iker Arretxe izango du aurkari. Bi aurrelari, nor baino nor. Ea partida ona egin eta hurrengo asteburuan Retegi Biren kontra aritzeko aukera duen. Bestalde, txapelketan debutatzen duen Untoria errioxarra izanen da Jose Javier Zabaletaren arerioa. Bi atzelarien arteko lehia gogor eta estua espero da. Ea sentsazio onak berreskuratu eta 22 puntuetara heltzen den arakildarra, hurrengo asteburuan Jaunarenaren kontra aritzeko. Zorterik onena opa diegu biei.