Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta gaur, asteazkenean, Sakanako Ikastetxeen Arteko 10. Herri Kirol Topaketa jokatu da. Arbizuko kiroldegiak hartu du ekitaldia, goizeko 10:00etan hasita. Bertan Sakanako ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek hartu dute parte, 193 ikaslek guztira. Haiei laguntzen 17 irakasle aritu dira. Guztiak autobusez hurbildu dira Arbizuraino, eta buelta ere autobusez egin dute, euren ikastetxeetan 13:00etarako egoteko.
Erakustaldia eta proba konbinatua
Sakanako ikastetxe desberdinetako neska-mutilak nahastuz taldeak osatu dituzte, horrela herri eta ikastetxe ezberdinen arteko ikasleen arteko harremanak sustatuz, eta guztiek herri kirol proba konbinatuetan hartu dute parte, txingak, zaku lasterketa, koxkolak, giza-plaza eta sokatiran arituz. Harrigarria da neska-mutikoek zein gogo eta emozioarekin aritzen diren, proba ez lehiakorra dela kontuan hartuta. Aurretik, ekitaldia mustutzeko, Kañamares anaiek trontza eta aizkora erakustaldia egin dute.