Iruñeko Memo taldeak punk doinuak ekarriko ditu Iturmendiko gaztetxera. Ibilbide luzea eta lau disko ditu dagoeneko laukote iruindarrak. Ska, punk, rock doinuak egiten dituen Ukatu taldea ere ariko da Iturmendin. 2011ko maiatzean sortu zuten taldea Lekunberri, Leitza eta Larraungo boskote batek.
Ane Bañasko lakuntzarrarekin seikotea da Ukatu pasa den urtetik. Txikitan hasi zituen Bañaskok tronpeta ikasketak eta dantza taldeko kide baten bidez jakin zuen Ukatun tronpeta jole baten beharra zutela. Ordutik Oderitzen entseatzen du ostiralero. Bañaskok kontatu digunez Euskal Herriko taldeen bertsioak jotzen dituzte euren emanaldietan. Euren kantu propioak sortzen hasiak dira eta pare bat badituzte. Ametsa noizbait diskoa ateratzea dute. Bitartean, kontzertuak eskaintzen ari dira. Makina bat eman dituzte dagoeneko, Lekunberri aldean batez ere. Udan, herrietako festekin batera, dei gehiago izanen dituzte. Sakanan, Irurtzunen eta Lakuntzan jo dute dagoeneko.