Petriati: "Herritarren inplikazioari eta irmotasunari esker hartzen dira neurriak"

Guaixe 2014ko maiatzaren 8a

Hala ere, pasa den urtean euskararen herrian euskaraz bizitzeko makina bat traba izan zirela salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.

Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena aurkeztu zuen atzo Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Garbiñe Petriati zuzendariak nabarmendu zuenez, “herritarrek egiten duten lanari esker administrazioek urratsak ematea lor daitekeela agerian geratu da”. Petriatik gaineratu zuenez, “erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza-eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez gabeturik ikusten du bere burua askotan”.

Behatokiaren txostenean jaso denez, pasa den urtean “Nafarroako Gobernuaren jardunak ez du aldaketarik izan  eta  euskararen aurkako jarrera izan du ezaugarri: euskaltegiak diru-laguntzarik gabe, euskarazko komunikabideak ere diru laguntzarik gabe, udaletako euskara zerbitzuetarako dirua nabarmen murriztuta…” Txostenean ere jaso da foru administrazioaren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa izan dela: “D ereduaren hedapena oztopatzen segitzen du; liburutegietan, osasun-zerbitzuetan, epaitegietan, ez du Nafarroako Gobernuak euskarazko zerbitzurik bermatzen, ezta hizkuntza ofiziala den zonaldean ere”.

Sakana
Osasun arloan NAfarroako Gobernuak legeriaren aitortza eskasa ere ez duela betetzen salatu du Behatokiak. Kontsultak euskaraz ezin direla pasa edo osasun etxeetako administrazio postuetan erdaldunak daudela. Eremu euskaldunerako mediku eta erizain erdaldunak izendatu dituztela kexu azaldu da Behatokia. Eta ordezkoekin ere gauza bera gertatzen dela azaldu du.

Emakumeen Arretarako Zentroetako profesional bat bera ere euskalduna ez dela eta kexuak jaso dituzte Behatokian bai Arbizutik, bai Etxarri Aranaztik. Behatokiak berak, bestalde galdetu du zergatik Etxarri Aranazko osasun etxeko lanpostuetan hizkuntza irizpideak zehaztuak dauden eta Irurtzungoan eta Altsasukoan ez.

Herritarrengandik gertuen dauden administrazioak izanda, udalei buruzko hainbat ohar jaso dituzte Behatokian. Tartean Sakanatik. Behatokian kexu azaldu ziren Ziordiko Udalak gaztelania hutsez zerbait bideratu edo argitaratzeagatik. Altsasuko Udalarekin ere kexu azaldu ziren herritarrak Berdintasun Saileko ikastaroetarako irakasleak kontratatzeko osatutako lan poltsan euskara meritu zelako eta ez ezinbestekoa.

Bi kexen kontura Arakilgo Udalak Behatokiari jakinarazi zion arakildarren hizkuntza eskubideak babesteko bi neurri hartu zituela. Batetik, udaletxean protokoloa ezarri zutela herritarrek aukeratutako hizkuntzan zerbitzua eman ahal izateko. Eta bestetik, Nafarroako Gobernutik gaztelania hutsez jasotakoa euskaraz ere eskatzea.

www.euskararentelefonoa.com
Behatokiaren doaneko zerbitzua da. Hizkuntza-eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorra izan nahi du. Zerbitzua Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago, kexa edo zoriontzeak jakinarazteko. Jasotakoarekin osatzen du urtero txostena Behatokiak.