Bihar abiatuko da 9. Nafarroako Goma Gaineko 4x4 Sokatira Txapelketa. 5 kategoriatan jokatuko da: gizonezkoak (320 kilo), gizonezkoak (300 kilo), emakumezkoak (265 kilo), emakumezkoak (245 kilo) eta kadeteak (285 kilo). Hain zuzen ere kadeteetan parte hartuko dute gure ordezkari sakandarrak. Andra Mari ikastolatik sortutako Andra Mari eta Putterri lehiatuko dira kadeteetan, Berriozar eta Ultzama taldeekin batera. Sakana Sokatira Taldeak ez du talderik plazaratuko.
Txapelketak lau jardunaldi izango ditu. Lehena bihar jokatuko da, 18:00etan, Jauntsarasen. Bigarren jardunaldia maiatzaren 17an hartuko du Etxarri Aranatzek, hirugarrena maiatzaren 24an Berriozarrek eta laugarrena maiatzaren 31n Lesakan. Kadeteetan 4 jardunaldiko ligaxka jokatu eta gero, bi talde onenek finala jokatuko dute.