Bi pilotari sakandarrak aurrera

Guaixe 2014ko maiatzaren 12a

Ezkurdia eta Arretxeren kontrako partida oso gogorra izan zen.
Ezkurdiak Retegi Bi eta Zabaletak Jaunarena izanen dituzte aurkari Buruz Buruko final zortzirenetan

Buruz Burukoa. Final-zortzirenak
Zabaleta – Jaunarena
Ezkurdia – Retegi Bi

Buruz Buruko lehen jardunaldian, Joseba Ezkurdiak 22-10 irabazi zion Iker Arretxeri ostiralean Zestoan jokatutako kanporaketan. Partida oso gogorra izan zen eta hasieran Arretxe II.ak 4 tantoko errenta lortu zuen. Baina Ezkurdiak berdintzea eta 6-16 aurreratzea lortu zuen. Arretxe 9-16 gerturatu zen baina Ezkurdiak bi tanto egin zituen jarraian, eta segidan 10-18 hurbildu zen Arretxe. Baina arbizuarrak 4 tanto egin zituen segidan eta 10-22 irabaztea lortu zuen, buruz burukoan aurrera eginaz. Arbizuarra Iker Arretxe baino hobe aritu zen jokoan eta pilotakadaz pilotakada lortutako garaipena izan zen berea, pilota atzera astindu baitzuen gogor, Arretxe zigortuz.

Bestalde, Jose Javier Zabaletak sekulako errezitaldia eman zuen eta 5 tanto eskasetan utzi zuen Alvaro Untoria. Etxarrendarra faboritoa zen, baina txapelketan debutatu zuen 2013ko bigarren mailako buruz buruko txapeldun Untoriak ez zuen esperotako maila eman. Partida hasi eta zortzi tanto egin zituen segidan Zabaletak, berehala abantaila lortuaz. Sakez 11 tanto egin zituen etxarrendarrak eta garaipen potoloa lortu zuen. “Sakearekin asmatu dut eta hori izan da partidaren gakoa. Izan ere, aurreko koadroetan aritzea kostatu egin zait eta tantoa bukatzen ere ez nahiz oso fin ibili” nabarmendu zuen etxarrendarrak partida bukaeran.

Datorrena
Joseba Ezkurdiak Julen Retegiren kontra jokatu beharko du Buruz Buruko final-zortzirena. Txapelketa ongi hasi du arbizuarrak eta morala gainezka jokatuko du iruindarraren kontra, baina gehiegizko konfiantzarik ez hartzea komeni zaio Ezkurdiari, iruindarra arerio serioa baita. Ea Ezkurdiak irabaztea lortzen duen, final laurdenetan Aimar Olaizolaren kontra aritzeko.

Zabaletak Jon Jaunarenaren kontra jokatuko du Buruz Buruko final-zortzirenetan. 2013an debutatu zuen etxarrendarrak Buruz Burukoan, hain zuzen ere Jaunarenaren kontra, eta leitzarra izan zen orduan garaile, 22-21. Ea orain egoerari buelta ematen dion etxarrendarrak. “Jaunarenaren kontrako partida beste kontu bati izango da. Jonek buruz buru jokatzeko guztia dauka” adierazi du etxarrendarrak. Partida oso lehiatua espero da eta Jaunarenak ez dizkio gauzak batere erraztuko etxarrendarrari. Irabazleak Urrutikoetxea du zain.