Nerabezaroa

Naroa Iraurgi Arrieta. Psikologoa. Gestalt terapeuta 2014ko mai. 16a, 06:00

Nerabezaroa bizitzan gertatzen den trantsizio prozesu edo transformazio aldi bat da.

Nerabeak ez dira haurrak, baina ez dira oraindik helduak ere.  Urte gutxitan, haurra izatetik gazte bat izatera pasatzen da. Aldaketa haundiak  izaten dira prozesu honetan: gorputzean, maila emozionalean, mentalean, baita  sozialean ere.

Balore  eta esperientzia berriak bilatzen ditu familiatik kanpo eta lagun taldeari garrantzi haundia ematen dio. Nerabeak, aldaketak behar ditu; baina, aldi berean, nahastuta sentitzen da batzuetan. Prozesu horretan, identitatearen bila aritzen da: nor naiz ni?  Askotan, zailtasunak  ditu zein den ohartzeko eta zer nahi duen bere etorkizunerako. Beste batzuetan, bere buruarekiko ziurtasuna  falta du eta honek autoestimuan eragiten du.

Eriksonen arabera, identitate nahaste bat gertatzen den bizitzako momentu bat da, eta identitatearen bilakuntza baten hasiera. Bere ustez, nerabearen erronka nortasun psikosozial bat eskuratzea da, bere ezaugarri propioak barneratuko dituenak eta munduan bere papera zein den argi duena. Nerabea zein den ohartu  behar da.

Batzuengan, integrazio prozesu hau mailakatua eta lasaia izan daiteke eta beste batzuendako, berriz, krisi zailagoa izan daiteke. Identitatea garatzen den heinean, krisi hau  pasatu egiten da.  Momentu garrantzitsu bat da bere ustez, nerabeak bere erabakiak argitzeko eta identifikazio berriak sentitzeko.

Familiaren barruan, batzuetan gatazkak edo zailtasunak sor daitezke aldaketa hauek guztiak direla eta. Baina, aldi berean, horiek  aukera onak izan daitezke helduontzat; garapen edo hazkuntzarako aukera bihur daitezke, eta iraganeko arazoak bideratu edo ordenatu ditzakegu. Bizitzako momentu horretan, mugak jartzea eta irmotasuna bezain beharrezkoak dira elkar ulertzea eta afektua.