Asteburuan Nafarroako Irristaketako Abiadura Txapelketa jokatu zen Iruñeko Antoniutti zirkuituan. Txapelketa, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean Antoniuttin bertan jokatuko den Espainiako Irristaketako Abiadura Txapelketarako puntuagarria zen.
Sakana Irristaketa Klubeko 12 irristalarik hartu zuten parte eta lan bikaina egin zuten. “Balorazioa primerakoa da, 12 irristalarietatik 7 sailkatu baitira Espainiako Txapelketetarako. Horretaz gain, 5 domina lortu genituen” adierazi du Sakana Irristaketa Klubeko Juli Acebes entrenatzaileak.
La Puente eta Villalobosen dominak
Olaztiko Sutegi eskolako Anne La Puentek urrezko bi domina kolkoratu zituen 1.000 metrotan eta 2.000 metrotan. Eta Altsasuko eskolako Ander Villalobosek 3 domina ekarri zituen: urrezko bi domina 500 metro sprintean eta 3.000 puntuetan, eta brontzezkoa 1.500 metro linean.
Anne La Puente eta Ander Villalobos irristalariez gain, Sakana Klubeko ondoko irristalariak sailkatu dira Espainiako txapelketetarako: Unai Villalobos, Ander Chamorro, Ines Moreno, Cristina Aldeano eta Maialen Unanua.