Sakana bideoklip platoa

Guaixe 2014ko mai. 15a, 11:00
Oier Albizturrek zuzendu du Los del Rayoren bideoa.
Xaiko, Fran Idareta eta Los del Rayoren doinuei irudia jarri dizkie ibarrak.

Sakanako irudiak dituzten hiru bideoklipek beste horrenbeste musika proposamen zabaltzeko balio izan dute berriki. Besteak beste altsasuarrez eta ziordiarrez osatutako Xaiko talde berriak bere aurreneko diskoa martxoan karrikaratu zuen, Therapy. Apirilaren 14an argitaratu zuten Zure begiek kantuko bideokliperako irudiak, besteak beste, Ziordiko gazteluan hartu zituzten Xaikokoek.

Egun bat lehenago Fran Idareta Urdiaingo eta Altsasuko San Pedrozelain egon zen. Garagarrilaren 6an argitaratuko du Festival vasco 2.0. A Enrike Zelaia diskoa irurtzundarrak eta Burundako hariztian lanari buruzko argibideak ematen dituen bideoa grabatu zuen.

Haien doinuei irudia jartzen azkenak Los del Rayo izan dira. Noche de bares kanturako bideoklipa asteburuan grabatu du boskoteak. Larunbatean Tolosan hartu zituzten irudiak eta domekan San Pedrozelain eta Lurrazpi tabernan. Oier Albiztur zuzendari altsasuarraren esanetara aritu ziren musikariak eta bideoan aterako den jende guztia. Albiztur taldeari buruzko erreportajea ere egiten ari da.