Gaur bertan, Mikel Belasko ikertzaile eta lagunarekin egon naiz bere bulegoan toponimiaz hitz egiten (bera horretan berezilaria baita) eta, halako batean, berak idatzitako liburu txiki bat luzatu dit bihar, hilak 17, nire urtebetetzea baita eta zoriondu nahi izan dit honela.
Nire erroak Altsasun daudela dakienez, jakin ere badaki liburua gustuko izango dudala. Liburuaren izenburua: “100 abizen Burundan”. Eta elkarlan baten ondorioa da, liburua Fernando López Permisán genealogistarekin batera idatzi baitu.
Bai, atsegin handiz hartu dut opari-liburua eta hasi naiz gainetik irakurtzen. Aitortu behar dut ez nuela gaur arte liburuaren berri, aspaldian argitaratua izan arren (2005ean) eta gaia hain gurea izan arren; izan ere, normalean Sakanaz edo argitaratzen den guztia irakurri baino gehiago, jan egiten dut, eta hau zaharra izanik ere, guztiz berria gertatu zait niri, eta jateko gogoa piztu dit.
Nire lehenengo gainbegirada honen iritzia oso kritikoa izan da, oso: “Mikel, zuen liburua txarra da.” Bota diot itsumustuan. “Zer ba?” erantzun dit berak, ongi ulertu ezinik, nola bihotz onenarekin egindako opari hau mespretxa eta gutxiets nezakeen aurpegia gorritu gabe. “Nire abizena ez da agertzen, mutiko.” Eta berak orduan: “Zurea 101.a izango da agian.” Irrifarrez hasi gara biok. Bai, horregatik izango da.
Honela ba, hemen ez dira Burundako abizen guztiak jasotzen, gehienak ordea bai. Egileen iritziz Burundan abizen gutxi sortu dira, ozta-ozta jatorrizko 50 abizenetara iristen da; gainerakoak aldameneko eskualdeetatik etorri omen dira. Jakina, egileek diotenez beren liburuska honen sarreran, abizen horiek, jatorrizkoak izan edo beste lekuetatik eratorriak, denek egin dute mendeetako ibilbidea hemen, Sakanan, “batzuetan, sortu ziren lekuan baino ibilbide luzeagoa.”
Egileek diotenez, Burundako abizen askok eta askok jatorri toponimikoa dute eta oso bitxia da hauetako batzuek gure ibarraren beraren izenari egiten diotela erreferentzia; esaterako, Burunda, Borunda, Burundarena eta Furundarena. Konturatu al zarete inoiz Gasteizko aireportuaren izena, Foronda, ‘Burunda’ dela? Eta arabarrekin dugun lotura ez da horretan bukatzen, gure artean ere ohikoak baitira osagarri bikoitzeko abizenak: Lopez de…, Fernandez de…, Saez de…, Martinez de…, Gartzia de…, etab.
Baina Euskal Herriko gainerako herrialdeekin dugun lotura ez da hemen bukatzen, “lau haizeetatik etorririko abizenak” ditugu eta. Gipuzkoako Goierritik eta Tolosaldetik abizen asko etorri zaizkigu eta beste batzuk Gipuzkoako kostaldetik ere. Ekialdetik, Sakanako herri hustu edota despopulatu askoren izenak gorde dira abizen bilakatuta. Lizarraldetik ere abizen asko etorri zaizkigu. Zeintzuk? Horretarako liburua irakurri behar duzue.
Eta, jakina, zuen abizena ez bada agertzen liburu honetan, lasai egon. Hemen 100 abizen baizik ez dira kontuan hartzen, eta zuena, agian, ez da sartu 102.a delako, nirea 101. baita!