Altsasu Nafarroako bertso eskolen topaleku

Guaixe 2014ko maiatzaren 16a

Alsasuko bertso-eskolakoak Gure Etxean egindako saio batean.
Bihar, eguerdian, Iortia kultur gunean ekitaldi irekia izanen da.

Nafarroako Bertso-eskolen eguna ospatuko da bihar Altsasun. Nafarroako bertsolaritzaren baratzaren osasuna zein den ikusteko aukera izanen du nahi duen guztiak eta, horretarako, Iortia kultur gunetik pasatzea besterik ez du izanen. Bortziriak, Baztan, Leitza, Iruñerriko eta Sakanako bertso-eskoletako kideek hainbat ariketa eginen dituzte oholtzan gainean.

Biharko hitzorduan 15 urtera arteko 50 bertsolari gazte izanen dira. Haien artean, izanen dira Etxarri Aranatz eta Altsasuko bertso-eskoletakoak ere. Aurrenekoan Uharte Arakil, Arbizu eta Etxarri Aranazko zortzi neska-mutil aritzen dira. Astelehen goizetan elkartzen dira, atsedenaldian, Etxarriko San Donato eskolan. Altsasuko bat-bateko taldeak dagoeneko lau urteko ibilbidea du. Etxarriar bat eta hiru altsasuar elkartzen dira. Ikasturte honetan, gainera, beste talde berri bat hasi da Altsasuko bertso eskolan. Sei ikasle dira eta astearte eta ostiral arratsaldetan biltzen dira AEKren Itsasi euskaltegian.

Saioa despeditu ondoren, Nafarroako bertso-paper lehiaketako sariak banatuko dituzte. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arteko ikasleei zuzendutako  lehiaketa da hori. Goizeko saioaren ondoren, 15:30ean, ikasleendako saio berezia izanen da. Hartan Aimar Karrika eta irakasleren bat ariko dira ikasleek prestaturiko ariketak egiten. Ikusteko dago Altsasuko bat-bateko taldeak parte hartzen duen.