Zabaleta eta Jaunarenaren arteko partida ez zen punta-puntakoa izan. Akaso katedrak puntu bat gorago ikusten zuen Jaunarena, baina aurreikuspenek huts egin zuten. Txukun ekin zion partidari Jaunarenak, markagailuan aurreratuz eta defentsa lan ona eginez. Baina Zabaletak sufritzen jakin zuen eta sakearekin min handia egin zion Jose Javier Zabaletak –sei tanto lortu zituen–, eta pilota gozatuta eta aukera zuenean tantoak despedituz, 13-14kotik 13-21 aurreratu zen Etxarrengoa. Ordurako besoan mina sumatzen zuen Zabaletak, baina partida 14-22 irabazteko kapaza izan zen.
Lesionatuta baina irabazi
Zabaletak aitortu zuenez, aste osoan eskuin besoan sumatzen zituen arazo fisiko batzuekin iritsi zen partidara. Zazpigarren tantoa egiterakoan aldageletara joan zen. Asegarceko mediku Iñigo Simonek artatu zuen, eta partida uzteko gomendioa egin zion medikuak eta Fermin Escudero bere botilleroak ere. “Partidan jarraituz gero, 2 hilabete inguruko lesioa izateko arriskua izango nuela esan zidan medikuak. 10-13koan partida bertan behera uztekotan egon naiz, baina partida hau nola edo ahala irabazi nahi nuen. Min handiarekin bukatu dut, baina zorionez, ez da lesio handiagorik gertatu” aitortu zuen partida bukaeran. Final-laurdenetan Mikel Urrutikoetxearen kontra ariko da, besoak uzten badio behintzat. Egunotan lesioa nola dagoen aztertu beharko du.
Ezkurdia txapelketatik kanpo, gutxigatik
Joseba Ezkurdia Buruz Burukotik kanpo geratu da, final-zortzirenetan Julen Retegiren kontra galdu eta gero (18-22). Retegi Bik uste baino askoz ere gehiago sufritu behar izan zuen garaipena lortu ahal izateko, hasieran lortutako errenta ikusgarria –17-4 aurreratu zen Retegi Bi– alferrik galtzen utzi zuelako. Izan ere, hasieran arbizuarra ez zen batere fin ibili, baina buelta eman zion markagailuari, pilotakadaz-pilotakada 17ra berdinduz. Baina hortik aurrera, Retegi Bik erantzuten jakin zuen, eta oso lehia estuan, azkenean 22-18 gailendu zen iruindarra. Aimar Olaizolaren kontra jokatu beharko du final-laurdenetan. Txapelketatik kanpo geratu da Ezkurdia, baina duen guztia emanez.