Beste bi garaipen Rural Kutxarendako

Guaixe 2014ko maiatzaren 19a

Lastrak Markinan eta Daniel Lopezek Baionan irabazi dute. Bestalde, Rural Kutxako Migel Angel Benito bigarrena izan da Espainiako Kopan

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Jonathan Lastrak irabazi du Markina-Xemeinen jokatutako Sabin Foruria Memoriala (104 km), Euskaldun Txapelketarako baliagarria den proba. Lastrak bakarrik gurutzatu zuen helmuga, 2 segundora Zirauna taldeko Elias Vega zuela. Rural Kutxako Iker Azkarate 8.a izan zen. Bestalde, Galiziako Txapelketa jokatu zen Baionan. Rural Kutxako Daniel Lopez azkarrena izan zen, Mutua Levante-Delikia taldeko Martin Lestidoren aurretik.

Bestalde, Unai Intziartek (Gipuzkoa) irabazi du elite mailako Espainiako Kopa, Jaengo Torredonjimenoko Klasikoa jokatu eta gero. Proba Seguros Bilbao taldeko Julen Amezketak irabazi zuen, baina Kopa irabazteko Intziarteri nahikoa balio izan zion lasterketan lortutako 9. postuak. Intziartek 638 puntu lortu zituen. Rural Kutxako Migel Angel Benito bigarrena izan da (614 puntu), txapelketako 23 urtez azpiko onena, eta Aitor Ibarguren hirugarrena (602 puntu).