Guaixek jakin ahal izan duenez, makina bat sakandar gelditu ziren, harrapatuta, Sadarreko harmailak behera egin zuenean. Osasunako Oriolek lehen gola sartzerakoan gertatu zen hori, partidako 12. minutuan. Hegoaldeko harmailak behera egin zuen eta bertan zeuden ehunka zalek erorikoak izan zituzten. Bertan hainbat sakandar zeudela jakin dugu, adin txikikoak ere tartean. Zorionez, eta guk dakigunez ez zuten aparteko minik hartu, zaintiratu edo bihurrituren bat salbu.
Mina hartuta zeuden 68 pertsona atenditu zituzten osasun zerbitzuek, eta horietatik 10 eraman zituzten ospitalera.
Osasunako zaleak triste
Osasunak zale pilo bat ditu Sakanan. Sakanako Gorritxoak peña ere badugu, eta makina bat sakandar da Osasunako bazkide. Bazkide horietako asko autobusez joaten dira partidetara. Tamalez, hurrengo denboraldian 2. mailan animatu beharko dute Osasuna. Talde gorritxoak ez zuen zortea alde izan eta nahiz eta Betisen kontrako partida irabazi, mailaz jaitsi da.