Irristaketatik domina gehiago Sakanara

Guaixe 2014ko mai. 20a, 09:34
Amaian jokatutako Nafarroako Pista Txapelketak 5 domina ekarri ditu Sakanara eta Sakana taldeko 12 irristalaritik 8 Espainiako Txapelketetarako sailkatu dira

Sakana Irristaketa Taldeak emaitza potoloak biltzen jarraitzen du. Asteburuan Nafarroako Pista Irristaketako Txapelketa jokatu zen Amaia klubeko pistan. Sakana Irristaketa Taldetik 12 irristalarik hartu zuten parte eta emaitza bikaina lortu dute, horietatik 8 sailkatu baitira ekainaren 21ean Gijonen jokatuko den Espainiako Pista Txapelketetarako. Gainontzeko laurak, sailkatzetik oso gertu geratu dira, bizpahiru postu eskasera. “Oso kontentu egoteko modukoa da. Zorionak guztiei” adierazi du Juli Acebes entrenatzaileak.
Horretaz gain, 5 domina ekarri dituzte Sakanara. Anne La Puente lehena izan zen 1.000 metro linean eta 2.000 puntuko proban. Eta Unai Villalobosek 500 metro sprint eta 1.500 metro linea lasterketak irabazi zituen eta 4.a izan zen 3.000 puntuko proban.