Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako Mugitu! Mugimenduak (M!M) Maletin Deunaren eguna ospatu zuen larunbatean eta haren bidez azpiegitura hori “ustelkeriatik garatutako proiektu iluna dela ozen eta argi salatu” nahi izan duten. Ustelkeria horren ikur gisa AHTko lanak sustatzen dituzten hainbat alderdiren egoitza parean eta toki publikoetan dirua gainezka egiten zuen eta AHTri bai zioten maletaxoak zintzilikatu zituzten. Halako bina Irurtzunen eta Altsasun zintzilikatu zituzten eta beste bat Etxarri Aranatzen.
M!Mtik salatu dute AHTko lanak “Milaka milioiren xahuketa eta lurren txikizioa izateaz gain, AHTa proiektu hondatzaile bezala ari da indartzen, zein, osasungintzan, hezkuntzan eta zerbitzu sozialen murrizketa sendoen testuinguruan geure poltsikoak hipotekatzen ari den harri pisutsua dugun”. Maletekin “eraikuntza enpresa handien eta arduradun politiko batzuen elkar hartzea” salatu zuten. Eraikuntza enpresa handien lobbyak administrazioei egiten dien presioa ere nabarmendu du Mugitu!k. Azpiegitura horren finantziazioarekin etekina ateratzen duten besteak banketxeak direla ere salatu zuten AHTren aurkakoek.