185 ikasle ikastolak antolatutako orientazio proban

Guaixe 2014ko maiatzaren 22a

Proba egiteko iparrorratza eta mapa erabiliko dituzte.
Bihar burutuko dute proba, Dantzalekun, 9:30ean hasita

Bihar makina bat neska-mutiko Altsasuko eta Urdiaingo dermioetan barna aurkituko ditugu, Iñigo Aritza ikastolak antolatutako orientazio proba egiten. Iñigo Aritza, Andra Mari, Paz Ziganda eta Jaso ikastoletatik hurbildutako 185 ikasle bilduko dira gaur, ostegunean, 17:30ak aldera Altsasuko plazan. Iruñeko ikasleak trenez hurbilduko dira. DBHko 2. zikloko 4. mailako ikasleak dira guztiak. “Euren artean elkar ezagutzen ez dutenez, ikastola ezberdinetako ikasleak nahasiz taldeak eginen ditugu, eta ondoren, ezagutza jolasak” adierazi digu Iñigo Aritzako Jon Lagosek.

3 zirkuitu
Ikastolan afaldu eta ikastolako frontoian emango dute gaua, gau festa egin ondoren. Bihar, ikastolan gosalduko dute eta goizeko 9:30etarako prest egon beharko dute, orduan abiatuko baita orientazio proba. “Proba Dantzalekun hasiko da. 3 zirkuitu prestatu ditugu. Mugak Urdiaingo baserriak, Santa Luzia Sakan eta Ulaiar dira, nolabait esateko. Lauko taldeak ariko dira orientazio proban, eta zirkuitu bakoitza 15 taldek osatu beharko dute. “Talde bakoitzari mapa eta iparrorratza emango diegu eta ibilbidea osatu beharko dute. Postaz posta klikatzen joan beharko dute, eremu guztietatik pasatzen direla egiaztatzeko. Kontrol puntuak izango ditugu, bertatik ikasleak pasatzen direla ziurtatzeko” gaineratu du Lagosek.

Proba bukatu ondoren bazkaltzera bilduko dira guztiak eta ondoren, arratsaldean, Iruñeko ikastolakoek trena hartuko dute Iruñerantz. Horrela despedituko da jardunaldia.

Asteartean Sakana eta Aguraingo ikastetxeen orientazio proba Arbizun
Maiatzaren 27an, asteartean, goizeko 10:00etan, Sakanako eta Aguraingo ikastetxeek Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin antolatutako orientazio proba burutuko da Arbizuko basoan, Zubaat eta Sandindegi aldean. Altsasuko Institutuko 54 ikaslek (DBH 4), Aguraingo 40ek (DBH4) eta Andra Mari ikastolako 35ek (DBH3) parte hartuko dute. Hurrengo urtean Iñigo Aritza ikastolak eta Jesusen Bihotzak parte hartzea aurreikusten da. Mapa eta iparrorratza eskuan, basoan segurtasunez ibiltzen ikasiko dute ikasleek.