Finantza krisiak eragindako egoera ekonomiko makurraren ondorioz oinarrizko premiak ere ezin ase daude familia asko: etxebizitzaren alokairua edo hipoteka ezin ordaindu, argindarra, gasa edo bestelako fakturei ezin aurre egin. Askok jatekoa ere ez dute eta Nafarroako Elikagai Bankuak emandakoarekin elikatzen dira.
Jaso dugun datuen arabera Sakanan 243 familiak jasotzen dute Nafarroako Elikagai Bankutik jakiak. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Sakanako eremuan 75 familia dira. Etxarri Aranatz aldekoan 36, Altsasun Caritasek 100 bat familiari banatzen die. Olatzagutian eta Ziordian 32 dira.
Bilketa
Maiatzaren 30ean eta 31n, ostiralean eta larunbatean, Nafarroako Elikagaien Bilketa Handia. Nafarroako Elikagaien Bankuaren aldeko bilketa horren bidez galkorrak ez diren elikagaiak jasoko dira, gero herrialdean beharrean diren familiei banatzeko.
Irurtzunen Coviran eta Eroskiren aurrean jasoko dira elikagaiak. Arbizun, berriz, Eroskin eta elizan eta Altsasun, azkenik, BM Neton, Eroski Centerren eta Eroski Cityn jasoko dira jakiak. Bai batean bai bestean boluntarioek herritarrei Nafarroako Elikagai Bankuaren poltsak banatuko dizkiete denda barruan nahi dutena erosi, han sartu eta gero irteeran emateko.
Sakana erdialdeko dendetan poltsak utziko dituzte eta bezeroek haietan eman nahi dutena sartu beharko dute. Baina dendetan utzi beharrean poltsekin zehaztutako tokietara joan beharko dute. Uharte Arakilen jubilatu elkartean, Lakuntzan apaiz-etxean eta Etxarri Aranatzen musika eskola zaharrean. Boluntarioak 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egonen dira jakiak biltzen. Olatzagutian eta Ziordin parrokian jasoko dituzte elikagaiak.
Bilketaren bilakaera Nafarroan
Data Jasotako kopurua
2012ko garagarrila 57 tona
2012ko abendua 177 tona
2013ko garagarrila 266 tona
2013ko azaroa 401 tona
Boluntarioak
Bakarren batek bilketan lagundu nahi badu Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkartearekin (Eduardo Gonzalo, 662 137 496) edo Irurtzun eta Etxarri Aranaz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin (948 600 694 eta 948 460 752) harremanetan jarri behar dute. Burunda mendebaldeari dagokionez, Altsasuko Caritasekin jarri behar da harremanetan.