Guraso elkarteen federazioek hezkuntza azpiegituretan inbertsioak eskatu dituzte

Guaixe 2014ko maiatzaren 23a

Nafarroako 30 ikastetxetan dauden espazio falta eta azpiegituretan hobetzeko beharra nabarmendu dute.

Sare publikoan nagusi diren Herrikoa eta Sortzen guraso elkarteen federazioak, hezkuntza komunitatea osatzen duten familien izenean, 30 ikastetxetan espazioa zabaltzea eta hobekuntzak egitea eskatu zuten asteartean. Bi erakundeetako ordezkariek esan zutenez, “ panorama hau ez da soilik Nafarroako Gobernuaren plangintza eta kudeaketa txarraren ondorio soilik. Ongi diseinatutako estrategia da, zentro publikoen kaltetan ikastetxe kontzertatuei mesede egiteko”.

Gurasoen ordezkariek nabarmendu zuten familien bi herenek irakaskuntza publikoaren alde egiten dutela eta larritzat jo zuten gobernuak hezkuntza publikoari lehentasuna ez ematea. Hezkuntza Departamentuaren zenbait jokabide salatu zituzten. Batetik, zonifikazio bakarra, ikasleei bere herri edo auzoan hezkuntza publikoko plaza bermatzea zailtzen duena. Bestetik, eskolatze irizpideen malgutasuna, ikastetxe kontzertatuei ikasleak aukeratzeko aukera ematen diena eta ikasturtean zehar beste toki batzuetatik etorritako ikasleendako plazak ez erreserbatzea baimentzen diena. Azkenik, murrizketak ere gogoan izan zituzten: 700 irakasle ez kontratatzea, funtzionamendu gastutan murriztea edota ikastetxeak eraikitzeko trabak.

Deia
Dauden hezkuntza azpiegiturak berritu edo berriak egitea aldarrikatu zuten Herrikoa eta Sortzen federazioetako ordezkariek, “ikastetxe askotan arazo askoren sorburu baita hori”. Arazoak berehala konpontzea eskatu diote Hezkuntza Departamentuari. Ikastetxeen premiak jasotzen dituen txostena ere ondu dute.

Bestetik, nabarmendu zuten hezkuntza publikoak aukera berdintasuna, sexu bereizketarik eza, etxetik gertukoa, kalitatezko eta berritzaileak diren hezkuntza proiektuak eta inplikatutako profesional taldeak bermatzen dituela, horregatik, hezkuntza publikoaren aldeko hautua egiteko animatu zituzten familiak.

 


Txostena eta Sakana
Biurdana ikastetxea. Arakil eta Irurtzungo ikasleak hartzen dituen Iruñeko institutua ikaslez gainezka dago eta Iruñea iparraldean beste institutu bat eraikitzeko eskaera egin dute. Horretaz aparte, kirol azpiegiturak eta aterpe baten beharra ere badute.

Luis Fuentes eskola. Lakuntzako ikastetxe publikoak gela handiagoak eta patioan estalitako eremua behar ditu.

Zelandi eskola. Altsasukoan patioan estalitako eremua eta haren zorua konpondu behar da.

Domingo Bados eskola. Olatzagutiko zentroan igogailua falta da eta patioan estalitako eremua behar du ikasleei aterpe emateko.