Berria egunkaria dohainik jasotzeko aukera

Guaixe 2014ko maiatzaren 23a

Hamabost egunez izanen da, UEMAk euskarazko hedabideen zabalkundean eragiteko eta Berria egukari berritua ezagutzera emateko kanpaina.

Hala eskatzen duten arbizuar eta etxarriarrek bi astez Berria egunkaria doan jasotzeko aukera izanen dute. Heldu den hilaren 3tik 14ra izanen da aukera hori. Euskara hutsezko egunkaria etxean dohainik jaso nahi duenak etxera banatuko zaion esku-orria bete edo 943 304 345 telefonora edo harpidetza@berria.info e-posta helbidera idatzi beharko du (izen-abizenak, telefonoa eta herria eman).

Atzo izenpetu zuten kanpaina UEMAko lehendakari Maren Belastegik eta Berria taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregik. Aurrenak gogora ekarri zuen udalerri euskaldunetan nagusiki euskaraz bizi direla bertako herritarrak: “funtzio garrantzitsua bete dute euskararen biziraupenerako”. Hala ere, udalerri euskaldunetan erdarazko komunikabideen kontsumoa euskarazkoen gainetik dagoela nabarmendu zuen; “eta horrek nahi edo ez hizkuntza jarreretan ere badu eragina”. Euskarazko hedabideak babestu, zabaltzerako eta euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko euskarazko prentsa kontsumitzera deitu zituen udalerri euskaldunetako herritarrak.

Arregik, bestalde, nabarmendu zuenez,  “gaur egungo gizarte komunikatuan euskarazko hedabideek hizkuntza normalizazio prozesuan duten garrantzia erabatekoa da”. Aitortu zuen udalerri euskaldunetan euskaldun askori kosta egiten zaiola euskarazko prentsara jotzea. Berria egunkaria maiatzaren akaberan kioskora berritua iritsiko zela aurreratu zuen eta aldaketarekin batera Potentzialki irakurle berriak erakartzeko eta euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko UEMArekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Berria egunkaria ezagutarazteko kanpaina prestatu zuela azaldu zuen.