Euskara kontutan 2013an ere Nafarroako Gobernua bere bidean

Guaixe 2014ko maiatzaren 22a

Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoaren bideak eta herritarren arteko eskubide desberdintasunak ez du etenik izan.

Garbiñe Petriati Ijurrak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak atzo Nafarroako Ararteko Fco Javier Enerizi pasa den urteko txostenaren berri eman zion, “herritarren bizipenetan oinarritutako diagnostikoa”. Petritik laburbildu duenez, Nafarroako Gobernuaren jardunak ez du aldaketarik izan 2013an eta  euskararen aurkako jarrera izan du ezaugarri: euskaltegiak diru-laguntzarik gabe, euskarazko komunikabideak ere diru laguntzarik gabe, udaletako euskara zerbitzuetarako dirua nabarmen murriztuta…

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko buruak gaineratu zuenez,  “diru-gorabeherarik ez dagoen gaietan ere hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa izan da: D ereduaren hedapena oztopatzen segitzen du; liburutegietan, osasun-zerbitzuetan, epaitegietan, ez du Nafarroako Gobernuak euskarazko zerbitzurik bermatzen, ezta hizkuntza ofiziala den eremuan ere”. Nafarroako administrazio-sail guztietan egon ziren oztopoak aurrez aurreko harrera zein telefono bidezkoa euskaraz jasotzeko. Eta ohiko jakinarazpenak, gutunak e-postak, inprimakiak eta abar gaztelania hutsean jaso zituzten herritarrek.

Nafarroako Gobernuak euskaldunekiko erakusten duen bazterketa eta gutxiespenaren aurrean, euskaraz ikasi eta bizi nahi duten herritarren irmotasuna eta jarrera nabarmendu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariak.