Hainbat jatorritako sakandarrek elkar ezagutzeko aitzakia izanen da etzi Izurdiagara antolatutako txangoa. Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak prestatu du irteera eta dagoeneko 40 pertsona inguru eman dute izena.
Guztiek ere Irurtzungo plazan dute hitzordua etzi, 9:00etan. Handik Izurdiagara abiatuko dira. Elizan harrera eginen die kontzejuko kide batek eta herriaren berri emanen die bildutakoei. Azalpen horien ondoren, forjaren interpretazio gunera bisita eginen dute. Brundarrengandik beharrezko azalpenak jaso ondoren, eramandakoa bazkalduko dute. Horrek jolasei utziko die txanda. Txangoa 17:30ean bukatuko da, etxerako buelta hartzen dutenean.