Kopa Racing San Migelendako

Guaixe 2014ko maiatzaren 26a

Uharte Arakilgo Racing San Migel taldekoak, txapeldunak.
Uharte Arakilgo taldeak 5-4 hartu zuen menpean Arbizu partida ikusgarrian

Futsalsakana ligan Arbizuk irabazi zion Racing San Migeli. Berdindu eta gero penaltyetan erabaki zen liga. Futsalsakana Kopan aipatu bi taldeak ere iritsi ziren finalera. Uharte Arakilgo taldeak errebantxa ederra hartu eta kopa irabazi du, emozioz betetako finalean Arbizuri justu-justu 5-4 irabazi eta gero.

Bi taldeak kopa altxatzeko gogoz atera ziren kantxara. Ongi jokatu zuten biek, kiroltasun handiarekin. Partidak denetarik izan zuen: emozioa, jokaldi ederrak, golak eta tentsio handia. Hasieran bi taldeek ongi defendatu zuten. Asier Turunbayk kanpotik jaurtiketa bikaina egin zuen eta Racingen markagailu mustu zuen, 3. minutuan. Gol aukerak bata bestearen atzetik iritsi ziren, baina bi taldeetako atezainek –partida bikaina egin zuten biek– edo zurtoinak bi taldeen asmoak zapuztu zituen. Horrela, 21. minutuan Arbizuko Xabik berdintzea lortu zuen. Baina uhartearrek erantzuten jakin zuten eta Danielek bi gol sartu zituen eta atsedenaldira 3-1eko abantailarekin joan ziren Racingekoak.

Bigarren zatia hasi eta berehala Arbizuk hiruna berdintzea lortu zuen, arbizuarrek presioa areagotu eta di-da batean Julenek bi gol sartu eta gero. Baina Racingek presioari aurre egiten jakin zuen eta jokaldi ederra borobildu zuen Mikelek, 4-3 aurreratuz. Tentsioa areagotu zuen horrek. Gainera, Arbizuko Juanjok bigarren txartel horia ikusi zuen eta Arbizukoek jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren. Baina arbizuarrak ez ziren kikildu eta Julenek launako berdinketa lortu zuen, 9. minutuan.

Errebantxa ederra
Hortik aurrera emozioa areagotu zen. Bi atezainek geldialdi bikainak egin zituzten. Baina 18. minutuan Ibanek Racingen aldeko 5-4a sartu zuen. Arbizuk estutu zuen eta berdinketa eskutan izan zuen, baina ez zuen asmatu. Atezain-jokalari formula erabiliz aritu ziren arbizuarrak azken bi minutuetan eta nahiz eta berdinketa lortzeko zorian egon, kopa Racingendako izan zen, 5-4 gailenduta. Ligako errebantxa hartuta, futsalsakana kopa altxatu zuten uhartearrek.

Antolatzaileak eta jokalariak pozik geratu dira Futsalsakana areto futbol txapelketarekin eta koparekin. Hurrengo denboraldian txapelketa antolatzea dute buruan.