Gezurretan ari dira. Portland-ek Olaztiko plantaren ekoizpen gaitasun beretsuko planta dauka Alcala de Guadairan (Sevilla) eta han dagoeneko eskatu dute urtean 292.000 tona zabor erretzeko baimena, horietatik 150.000 tona hiri hondakin, 30.000 tona araztegietako lohi, 25.000 tona plastiko, 20.000 tona pneumatiko eta beste 20.000 tona ibilgailu zaharren hondakinak. Aldi berean eta gainerako bere beste plantetan bezalaxe, bere langileen %50 inguru kaleratu du.
Portland-ek Olaztikoa baino zementu-fabrika askoz ere modernoagoa duen Morata de Tajuñan (Madril), hondakinak errausten hasi direnetik, dioxina eta furano isuriak %729,54 hazi dira, %3,57 kadmio eta talio isuriak eta %15,49 beste bederatzi metal astunen baturarenak.
Jakina denez, dioxinak eta furanoak minbizi eragile indartsuak dira eta ez dago esposizio maila segururik horien emisioen aurrean. Hondakinen errauste prozesuan sortzen dira eta hori dela eta ez du inork ere nahi horrelako jarduerarik bere etxe ondoan.
Eta ez da gutxiagorako, Madrilgo Carlos III.a unibertsitateak, jarduera honen arriskuari buruz egin duen txosten oso eta berrienean ondorioztatzen duenez, instalazio hauen inguruan bizi den populazioak, pleura minbiziaz hiltzeko %71ko arrisku handiagoa du, gibeleko minbiziaz hiltzeko %30 handiagoa, urdaileko minbiziaz hiltzeko % 27 handiagoa, giltzurruneko minbiziaz hiltzeko %23 handiagoa, obulutegiko minbiziaz hiltzeko %23 handiagoa, leuzemiaz %17 handiagoa, maskuriko minbiziaz %16 handiagoa, biriketako minbiziaz %15 handiagoa, ondesteko minbiziaz %13 handiagoa.
Informazio gehiago: