1. Ziordian I. Herri Krosa antolatu duzue ekainaren 1rako, iganderako.
Ziordiko gazte batzuen ideia izan zen, bereziki Jose Ramon Ramirezena. Betidanik ibili dira korrika eta pentsatzen zuten herrian ez denez apenas jarduerarik egoten, lasterketa bat egitea. Laguntza eskatu zidaten eta orain denbora gehiago dudanez oso kontentu nago lagundu ahal izateagatik. Hiruzpalau hilabete daramatzagu lanean, Jose Ramon bereziki, antolatzaileak eta laguntzaileak bilatzen. Oso ongi egin dute lana eta prest dugu lasterketa.
2. Txapelketa antolatzeko taldea sortu da, Ziordiko running taldea.
Jose Ramonek asmatu du izena, lasterketarako. Izan ere, lasterketa antolatzeko izen bat behar genuen, eta baita sare sozialetan facebooken, twitterren eta beste agertzeko ere. Eta horrela deitu diogu. Lasterketa gure iniziatiba izan da, herrian zerbait antolatzeko, eta izen bat jarri behar genion. Lauzpabost lagun gabiltza antolatzen. Bereziki Jose Ramon, bera izan da sustatzaile nagusia. Besteak berari laguntzen.
3.Herri bakoitzak kros bat behar du?
Polita litzateke herri bakoitzak bere lasterketa izatea eta herri guztien artean Kopa jokatzea. Gu jada sartu gara, ea orain besteak. Ziordiko lasterketa, gainera, Sakanako Koparako puntuagarria izango da.
4.Lasterketa 0tik antolatu duzue. Norbaiten laguntza izan duzue?
Dantzaleku Sakanaren estela jarraitu dugu. Hasiberriak gara eta euren lana jarraitu dugu. Esaterako, inskripzioak euren web orriaren bitartez egiten ari gara –www.dantzalekusakana.com-, eta gure lasterketaren informazioa beste web batzuetan sartu dugu, inskripzioak egiteko. Babesleak eta laguntzaileak guk lortu ditugu, udalarekin batera. Hemendik eta bestetik hartzen, eta Dantzaleku Sakanaren bultzadarekin halaxe sortu dugu lasterketa.
5.Izena ematea dohainik da. Zergatik?
Hala izateko atzean lana dago, babesleak bilatzearena, baina saiatu gara kolaboratzaileek emandako laguntzarekin nahikoa izaten. Falta izan dena Ziordiko Udalak jarri du. Aurrekontua itxi dugu eta sariak izango dira, korrikalariendako auzatea: uste dugu ongi atera zaigula. Babesle gehienak herrikoak, gertukoak edo lagunak dira. Ukitu ditugun ate guztietan zerbait eman digute eta hori eskertzekoa da.
6.Nolakoa izango da lasterketa?
Proba nagusia 12:00etan hasiko da. Aldaketa egin dugu eta azkenean 6,8 km-ko proba izango da. Ibilbide nahiko laua da, 300 metroko aldapa bat izan ezik. Distantzia ez oso gogorra izatea nahi genuen, jendea gehiago animatzeko. Jendeak disfrutatzea eta herritik pasatzea nahi genuen. Horrela, zirkuituari hiru buelta eman beharko zaizkio. Oso ibilbide polita da. Plazatik irten eta Olazti aldera joko du, partzelariatik. Tellerian buelta hartu eta hor dago aldapatxoa. Herrira goikaldetik sartuko da eta eliza atzetik buelta emango zaio herriari, gaztelutik atzera ere plazara ateratzeko. Lehen hirurek, gizonezkoek eta emakumezkoek, produktu loteak jasoko dituzte eta txapeldunek txapelak. Eta korrikalari guztien artean gazta, ardoa eta beste zozketatuko dira.
7.Haurrendako ere probak antolatu dituzue.
Bai, 11:00etan hasita. 3 lasterketa egingo ditugu txikienendako. Oso karrera sinpleak eta motzak izango dira, gurasoekin etortzen diren haurrek eta hala nahi duten guztiek parte har dezaten. Bukaeran auzatea izango dute eta Family Park parkerako 12 sarrera zozketatuko ditugu guztion artean.
8.Izena ematea non?
Aurretik www.dantzalekusakana.com-en eta lasterketa egunean 10:00etatik aurrera Ziordian.
9.Probaren egunean laguntzaileak beharko dituzue.
Gu antolaketaz antolatu gara, baina lasterketa egunean behar ditugu laguntzaileak bidegurutzeetan egoteko, gauzak banatzeko, haurrekin egoteko… Hori egunotan ari gara zehazten. Egia esan ziordiarrek lasterketa antolatzearena ongi hartu dute. Jendea kontentu dago eta laguntzeko prest. Aurretik guztia ongi finkatuta utzi eta gero, guk korrika egitea nahiko genuke.
10.Igandean sakandarrak Ziordira gerturatzera animatuko ditugu, ezta?
Ilusio handiarekin prestatu dugu lasterketa eta gustatuko litzaiguke jendea Ziordira etortzea, baina ez bakarrik lehiatzera, goiza gure herrian pasatzera ere. Dena ondo ateratzea espero dugu, eta jendeak disfrutatzea. 6,8 km-ko proba da, erraz egiteko modukoa, bakoitzak ahal duen moduan. Sakanako jende guztia animatzen dugu Ziordia bisitatzera hurbil dadin.
11.Datorren urteetan jarraitzea espero duzue?
Aurtengo erronka ongi ateratzea da lehendabizikoa. Ongi ateratzen bada bigarrenaren bila joango gara edo nork daki, beste erronka bat antolatzera. Gure informazio guztia facebooken dago, running Ziordia idatzita. Bestalde, kolaboratzaile guztiei gurekin izan duten arreta eskertu nahi genieke. Lehenengo momentutik egin digute kasu, eta ea ez den azkena.