Abortatzeko eskubidea Euskal Herriko mugimendu feministaren sorreratik aldarrikatu den eskubidea izan da. Emakumeon autonomia eta gure gorputzaren gaineko kontrola aldarrikatzen hasi ziren momentutik abortatzeko eskubidea presente egon da.
Urteak daramatzagu gure gorputzaren jabe garela aldarrikatzen. Etenik izan ez duen borroka dugu, emakumeok gure ugalketa eta sexualitatea erabakitzeko askatasuna beti helburu izan duena. Ama eta emaztearen papera hamaika modu ezberdinetan inposatu digun jendarte honi aurre egitea izan da hasieratik mugimendu feministaren zeregina.
Gure sexualitatea eta ugalketa gaitasuna askatasunez bizitzeko eta gure gorputz, sexualitate eta bizitzen inguruan eragozpenik gabe erabakitzeko nahikotxo geratzen zaigu oraindik.
Horretarako irmotasunez eskatzen dugu;
· Bai hezkuntza nola osasungintza arloan sexu hezkuntza politika publikoak ezartzea.
· Antisorgailuak lortzeko eskuragarritasuna eta horien inguruko informazioa.
· Lagunduriko ugalketa sarbide askea eta doakoa emakume guztiontzako.
· Abortua libre eta dohain osasungintza publikoan. Desiratua ez den haurdunaldia eteteko baldintzak hobetu ezean, PPk abortua zigortu, mugatu eta baldintzatu nahi du kausazko lege batera itzuliz, non abortatzeko eskubidea kriminalizatu eta murriztuko den.
Guk erditzen dugu,guk erabakitzen dugu!!!