Orientazio probatik pilotara

Guaixe 2014ko maiatzaren 29a

Iñigo Aritzak 185 ikaslerendako antolatutako orientazio proba bertan behera geratu zen euriarengatik. Ordez, euskal pilotako bote luzea ikasten aritu ziren ikasleak

Iñigo Aritza, Andra Mari, Paz Ziganda eta Jaso ikastoletako DBHko 2. Zikloko 4. Mailako 185 ikasle aurreko ostegunean Altsasun bildu ziren, hurrengo egunean Dantzaleku paraje ederretatik barna antolatutako orientazio proban parte hartzeko. Ostegunean Altsasuko frontoian bildu, ikastola ezberdinetako ikasleak nahasiz taldeak osatu zituzten eta ondoren ezagutza jolasak egin zituzten, elkarren artean ezagutzeko.

Iñigo Aritza ikastolan afaldu eta karaokearekin gau festa egin ondoren, ostiralean bapo gosaldu eta goiz goizerako Dantzalekun bildu ziren, taldeka orientazio probari ekiteko. “Dena prestatua genuen, mapak eta iparrorratzak banatuta, ateratzear, eta euritan hasi zuen, etengabe. Zain egon ginen baina eguraldiak hala jarraitzen zuenez, pena handiarekin bertan behera utzi behar izan genuen orientazio proba” azaldu du Iñigo Aritza ikastolako Jon Lagosek. Orientazio probaren ordez, Altsasuko frontoira jo zuten eta euskal pilotako modalitaterik zaharrena den bote luzea ezagutzeko jardueran murgildu ziren ikasleak. “Bote luzea ikasteko jolasak antolatu genituen. Gustura ibili ziren, baina orientazio proba egin ez izanak pena handia eman zien” gaineratu du Lagosek. Beste batean beharko du izan.