Altsasuko Aralarko Mikel Donea Institutuko hiru ikaslek ohorezko matrikula lortu dute Batxilergoko 2. mailan: Alex Costak Batxilergo Zientifikoan eta Marina Arbizuk eta Leire Lizarragak Gizarteko Batxilergoan. Hiruek 2. mailan 9ko batez bestekoa lortu dute. Halaber, Leire Lizarragak jasoko du Guraso Elkarteak espediente onenari ematen dion 200 euroko saria. Bere batxilergoko (2 mailak) batez bestekoa 9,21 da. DBHko 4. mailako espediente onena duenari ere saria emanen dio Guraso Elkarteak.
Halako izendapenak emateko araudia zehaztua dago, eta horretan kontuan hartzen da ikastetxeak duen ikasle kopurua eta ikasleek baldintza batzuk bete dituzten. Batxilergoko 2. mailako kasuan 9ko batez besteko nota izan behar dute. Bestalde, Aralarko Mikel Donea institutuak gehienez lau matrikula emateko aukera du. Lortutako merezimendua ikasleen espedientean jasoa geldituko da. Ikasleek ez dute zuzeneko sari ekonomikorik jasoko baina unibertsitate publikoetan aurreneko urteko matrikula doan dute. Garai batean ohorezko matrikulak ekitaldi berezi batean banatzen ziren, gaur egun, ordea, ez da halakorik egiten.
Halako espedientea duten ikasleak Nafarroako Batxilergo Sari Berezira aurkeztu daitezke eta ikastetxetik jakinarazi digutenez, hala eginen du Leire Lizarragak. Hainbat proba egin beharko dira sari hori eskuratzeko. Nafarroan aipamena lortzen dutenak estatukoan parte hartzeko aukera dute.