Igandean botoa emateko eskubidea zuten 15.348 sakandarretatik %43,18k baliatu zuen aukera hori. Azken deialdiarekin alderatuta parte hartzeak 2,24 puntu egin zuen gora. EHBildu koalizioaren Herriek Erabaki koaliziori eman diote babes gehien sakandarrek: 3.036 boto eta %46,34. Duela bost urte koalizioa osatzen zuten indarrak bi hautagaitzetan banatuta aurkeztu ziren (II eta Aralar-EA), orduan baino 173 boto gutxiago jaso dute. Hala ere, EHBildu, alde handiz, lehen indarra da Sakanan eta 15 udalerrietan izan da aukera bozkatuena.
Sakandarren botoek ibarreko bigarren indar gisa mantendu dute PP, 880 boto eta %13,43rekin. Hala ere, aurreko beherako joerarekin jarraitzen dute eta igandean 417 boto (6,38 puntu) galdu zituzten. Popularrak ibarreko 10 herritan bigarren indarra izan dira eta hirugarren aukera beste 3 herritan. Beherako joerarekin segitzen du ere ibarreko hirugarren indarra, PSOE. 595 boto (%9,10) lortu zituen, aurreko deialdian baino 635 gutxiago (9,8 puntuko galera). Sakandarren bigarren aukera bozkatuena izan dira sozialistak 2 herritan eta hirugarrena beste hirutan.
Gorako bidean dena, berriz, Eusko Alderdi Jeltzalea da. Jaso dituen 450 botoek (%6,87) ibarreko laugarren indarrean bihurtu dute (176 boto eta 2,64 puntu gehiago). Jeltzaleak Sakanako 3 herritan bigarren indarra izan dira eta beste zazpitan hirugarren aukera bozkatuena. Podemos alderdi sortu berria sakandarren bosgarren aukera bihurtu da, 437 boto eta %6,67 eskuratuta. Ibarreko 2 herritan hirugarren aukera bozkatuena izanda.
Ezker Batua eta Batzarreren koalizioak, I-Ek, aurrenekoak bakarrik aurkeztuta baino boto gehiago bildu ditu: 427 eta %6,52 (293 boto eta 2,34 puntu gehiago). UPyDk ere gora egin du Sakanan 173 boto eta %2,64 lortu arte (133 boto eta 2,03 puntu gehiago). Euro-parlamentuan ordezkaritza lortu duten Primavera Europeak, Ciudadanosek eta EPDDk ere boto batzuk jaso dituzten ibarrean. Bestelako aukeren alde 340 sakandarrek egin dute.
Parte hartzeaz
Europako Parlamenturako hauteskundeen parte hartzeak 2,24 puntu egin du gora %43,18ra iritsi arte. Ibarreko 15 udalerrietako 13 herritan boto-emaileen erdia baino gehiago etxean gelditu zen, aurreko deialdian baino bat gehiago. Abstentzio gehien Ergoienan izan zen, %65,91. Erroldatuen erdia baino gehiago boto ematera joan zen Arruazun eta Bakaikun. Burundako herrian parte hartzea %65,59koa izan zen. Boto txuri bat bera ere jaso ez zuen herria izan zen Arruazu. Bestalde, baliogabeko botorik ez zen izan Arakilen, Ergoienan, Iturmendin eta Urdiainen.