Bertsolaritza irakaskuntzan programa mantendu eta programaren egonkortasuna ahalbidetuko duen moduan finantza dezala eskatu zion Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak gobernuari. Asteartean onartutako mozioak UPN ez beste talde guztien aldeko botoa izan zuen. Mozioan ere Nafarroako Bertsozale Elkarteak 27 urtetan egindako lana eta hark emandako “fruitu ona” aitortzen da. Aldi berean, kezka agertu zuen “ikasketa-eremutik bertsolaritzaren transmisioaren lana desagertzen ahal delako”.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak oso positibo baloratu du Nafarroako Parlamentuak programari eman dion babesa. “Finantziazio duin eta iraunkorra eta egoera bere onera ekartzeko interlokuzio bideak berriro irekitzea eskatu dizkio atzera ere departamentuari”. Bestalde, azken asteotan ikastetxe, udal eta mankomunitate, elkarte, erakunde eta norbanakoengandik “programarako jasotzen ari den etengabeko babesa ere eskertu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.