Nafarroako Elikagai Bankua betetzeko jaki bilketa eginen da gaur eta bihar herrialdean. 40.000 nafarrek behar dituzte erakunde horrek banatzen dituen jakiak. Haien artean Sakanako 243 familia daude. Finantza krisiak eragin zuen ekonomiaren okertzea eta hark kolpatutako pertsonek zer jan izateko lan egiten du Nafarroako Elikagai Bankuak.
Erakundeko boluntarioak gaur eta bihar Sakanan lanean egonen dira galtzen ez diren jakiak biltzen. Irurtzunen Coviran eta Eroskiren aurrean jasoko dira elikagaiak. Arbizun, berriz, Eroskin eta elizan eta Altsasun, azkenik, BM Neton, Eroski Centerren eta Eroski Cityn jasoko dira jakiak. Bai batean bai bestean boluntarioek herritarrei Nafarroako Elikagai Bankuaren poltsak banatuko dizkiete denda barruan nahi dutena erosi, han sartu eta gero irteeran emateko.
Uharte Arakilen jubilatu elkartean, Lakuntzan apaiz-etxean eta Etxarri Aranatzen musika eskola zaharrean jasoko dituzte elikagaiak. Boluntarioak 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egonen dira jakiak biltzen. Hiru herri horietako dendetan poltsak utziko dituzte eta bezeroek haietan eman nahi dutena sartu beharko dute gero aipatutako tokietara eramateko. Esan bezala, donazioa dendetan utzi beharrean poltsekin zehaztutako tokietara joan beharko da. Olatzagutian eta Ziordin parrokian jasoko dituzte elikagaiak.
Botiketan
Jaio berri eta umeen artean ere nutrizio eskaseko kasuak badirela jakinik, Farplusen biltzen diren herrialdeko botikek Nafarroako Elikagai Bankuarekin kolaboratzea erabaki dute, haien artean Irurtzungo, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutikoak daude. Aste guztian jasoko dituzte haur-elikadurarekin zerikusia duten elikagaiak: papilak, poteko jakiak edota esne artifizialak. Aste honetan ezin dutenek, asteartera arteko epe luzapena izan dute.