Afizionatuak Nafarroako Itzuliari ekiteko prest

Guaixe 2014ko maiatzaren 30a

Rural Kutxakoak, aurkezpenean.
Gaurko etapak Sakana zeharkatuko du, Urbasatik barna Lizarraldeara jotzeko

Afizionatuek proba garrantzitsua dute hurrengo bi egunotan: Nafarroako Itzulia. Krisiaren eraginez bi etapa izango ditu  –urrezko garaietan 6 eguneko lasterketa zen–, baina Union Ciclista Navarra antolatzailea “pozik” agertu zen “proba bera antolatu ahal izateagatik”.

Ondoko taldeek hartuko dute parte: Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra, Lizarte, Telcom-Gimex, Hostal Latorre, Oreki, Ibaigane, Seguros Bilbao, Debabarrena, EDP, Ampo, sopelana eta Gesport.

Rural Kutxa, garaipenagatik borrokatzera
Aurreko urtean Rural Kutxako Antonio Molinak irabazi zuen Nafarroako itzulia, eta aurten ere garaipenagatik borrokatzea nahiko luke talde sakandarrak. Ondoko taldea zehaztu du Nafarroako Itzulirako: Migel Indurain Lopez de Goikoetxea, Indurain handiaren semea, Odei Juango lakuntzarra, Josu Zabala, Daniel Lopez, Iker Azkarate, Asier Unanue, Hector Saez, Igor Romero, Jonathan Lastra eta Arnau Solé.

Gaur Sakana zeharkatuko du Nafarroako Itzuliak
Gaur, ostiralean, Iruñeko Agustinos industrialdeko Industrias Lizartetik aterako da etapa, 15:00etan. Irurtzunen sartu eta ia Sakana guztia zeharkatu ondoren, lehen mailako Urbasako portua pasa beharko dute. Ondoren, Lizarraldetik, 2. Mailako Eraul, 2. Mailako Lezaun, lehen mailako Girgillano eta 2. Mailako Arardia gainditu beharko dituzte, etapa Villatuertan despeditzeko (148 km). Bihar, Lizarrako Suministros Urbasa Monjardinen abiatuko da proba, 14:15ean, eta Iruñean despedituko da (147 km), San Lorenzo elizaren parean.