Armendariztarrak, zilarrezkoak

Guaixe 2014ko ekainaren 2a

Iturmendin jokatutako Nafarroako Erlojupeko Txapelketan txapeldunordeak izan dira Iturmendiko anai-arrebak

Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta, igandean II. Iturmendi Trofeoa jokatu zen, kadeteen eta jubenilen mailako Nafarroako Erlojupeko Txapelketa. Nafarroako tropeleko onenak lehiatu ziren, tartean Iturmendiko Armendariz anaia-arrebak. Etxean jokatuta, herritarren babes guztia izan zuten, eta biak Nafarroako txapeldunordeak izan ziren, Maialen emakumezkoen kadete mailan eta Eneko gizonezkoen jubenilen mailan.

Txirrindularitzaz gozatzeko giro bikaina izan zen igandean Iturmendin. Gainera, eguraldiak eutsi zuen eta tintin edo zipriztin txiki batzuez aparte, euriak ez zuen ekitaldia zapuztu. Kadete eta jubenil mailako txirrindulariak erlojupekoan lehiatu ziren, tartean Sakanako bi taldetako txirrindulariak: Burunda Txirrindularitza Klubeko Quesos Albeniz eta Aralar Txirrindularitza Klubeko Intersport Irabia. Kadeteek 10km-ko ibilbidea osatu zuten Iturmendi-Etxarri Aranatz joan-etorria osatuz, eta jubenilek, 14 km-koa, Iturmendi-Arbizuko industrialdeko joan-etorrikoa eginez.

Gizonezkoen kadeteen mailan 59 txirrindulari lehiatu ziren eta Scania-Erro y Eugui taldeko Javier Fernandez izan zen txapelduna (14:21), Congelados de Navarrako David Organbideri 4 segundoko aldea aterata. Quesos Albeniz taldeko Asier Etxeberria 3.a izan zen (14:47), 26 segundora. Emakumezkoen kadeteetan 4 txirrindulariren artean Caramelos el Caserio-Vals taldeko Mirian Gardachalek jantzi zuen Nafarroako txapeldunaren maillot gorria (15:57), Caf Transport Engineering talde gipuzkoarrean dabilen Maialen Aramendia txapeldunorde iturmendiarraren aurretik (16:26). Ruth Perezek osatu zuen podiuma (17:57). Jubenilen mailan 35 aritu ziren eta lehia bizia izan zuten aurreko astean Euskadiko erlojupeko txapelketa irabazi zuen Combustibles Galdeano taldeko Diego Lopezek eta Quesos Albeniz taldeko Eneko Aramendia iturmendiarrak, Euskadikoan bigarren sailkatu zenak. Nafarroako txapelketan Euskadikoan gertatu zena errepikatu zen, Lopezek jantzi baitzuen maillot gorria (18:50), Aramendiari 38 segundoko aldea aterata (19:28). Asesores de Navarrako Diego Martinez de Morentin izan zen hirugarrena (20:05). Bukatzeko, emakumezkoen maila jubenilean Reyno de Navarrako hiru txirrindulari lehiatu ziren eta Itsaso Ahechu izan zen azkarrena (24:20), Gudane Araiz (24:58) eta Lucia Bastidaren aurretik (26:31).

Sakandarrak Nafarroako Erlojupeko Txapelketan
Kadeteak mutilak
1.Javier Fernandez: 14:21
3.Asier Etxeberria (Q. Albeniz): 14:47
4.Hodei Zia (Q. Albeniz): 15:01
5.Xabier Maiza (I. Irabia): 15:02
11.Alex Unzilla (Q. Albeniz): 15:24
12.Gorka Arbizu (I. Irabia): 15:28
15.Eneko Vilar (    Q. Albeniz): 15:36
21.Oihan Vinagre (Q. Albeniz): 15:51
22.Josu Gabirondo (Q. Albeniz): 15:51
28.Asier Juanez (Q. Albeniz): 16:07
40.Unai Zubiria (I. Irabia): 16:50
45.Raul Granado (Q. Albeniz): 17:03
59.Gorka Avella (I. Irabia): 19:07

Kadeteak neskak
1.Mirian Gardachal: 15:57
2.Maialen Aramendia: 16:26

Jubenilak mutilak
1.Diego Lopez: 18:50
2.Eneko Aramendia (Q. Albeniz): 19:28)
7.Ibai Azurmendi (Q. Albeniz): 20:46
13.Aritz Irigoien (Q. Albeniz): 21:27
24.Asier Ormazabal (Q. Albeniz): 22:16
30.Mikel Agerre (Q. Albeniz): 23:21

Jubenilak neskak
1.Itsaso Ahechu: 24:20