Izabako Camille Extreme mendi lasterketa ikusgarrian ia 500 korrikalarik parte hartu zuten, eta horietatik 375 iritsi ziren helmugara. Espainiako Mendi Federazioak Camille-Extreme proba Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa aukeratu zuen, eta Estatutik etorritako makina bat korrikalari lehiatu ziren 31,6 km eta 4.100 metroko desnibel pilatua duen proba ikusgarria osatzeko. Ezkaurre gaina (2.047 m) izan zen igo behar izan zen mendirik altuena.
Andaluziako selekzioko Zaid Ait Malek korrikalaria izan zen garailea (2:53:21), Hassan Ait Chaoukren probako errekorra 6:13 minututan hobetuz. Bigarrena Manuel Merillas izan zen (2:56:49), probako lehen espainiarra eta, hortaz, Espainiako txapelduna, eta hirugarrena Hassan Ait Chaou (2:57:58). Emakumezkoetan Laia Andreu izan zen txapelduna eta Espainiako txapelduna (3:35:20), Aitziber Ibarbiak zuen errekorra gaindituz (3:46:13). Laura Sola izan zen bigarrena (3:43:56).
Sakandarrei dagokienez, lan txukuna egin zuten gure korrikalariek. Aralar Mendi taldeko Javier Tirapu 46.a sartu zen (3:23:50). Ander Unzurrunzaga etxarriarra 53.a iritsi zen (3:25:35), Alberto Razkin 190.a (4:11:41) eta Iraitz Senar 223.a (4:22:26). Antolakuntzak ez du korrikalarien jaioterriko daturik eman, eta, hortaz, gerta daiteke sakandarren baten datua falta izatea.