Afizionatuen mailako tropelak Nafarroako Itzulia jokatu du asteburuan. Urrezko garaietan 6 eguneko Itzulia izaten zen, baina krisiaren eraginez aurtengoa 2 eguneko proba izan da. Rural Kutxa talde sakandarrak ezin izan du aurreko urteko garaipena berretsi. Lizarteko Antonio Pedrerok irabazi du Nafarroako Itzulia (7:47:31), baina sailkapena oso estua izan da. Izan ere, Telco,m-Gimex taldeko Jakub Kaczmarek izan da bigarrena, txapeldunaren denbora berarekin, eta Rural Kutxako Arnau Sole hirugarrena, 10 segundora. Pedrerok itzuliko lehen etapa irabazi zuen Solerekin sprint estua izan ondoren eta horrek eman dio, finean, garaipena. Probako lehen nafarra Telco,m-Gimexeko Erik Altuna izan da, sailkapenean 18.a, 7:09ra.
“Taldea oso gaztea da eta nahiko justu etortzen ginen, baina genuena kontuan hartuta kontentu gaude” adierazi du Rural Kutxako presidente Jose Migel Fernandezek.
Juango 2.a sprint berezietan
Rural Kutxako Odei Juango lakuntzarra 27.a sailkatu da, 16:46ra, eta sprint berezien sailkapenean bigarrena izan da lakuntzarra.