Sakanak 2020 urtera arteko bide-orria du. Hala onartu zuen Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiak larunbatean. Arbizuko Utzugane Sakanako Garapen Gunean elkartutako guztiak aho batez eman zioten baiezkoa Sakanako Plan Estrategikoari (SPE). Ergoienan eta Ziordian udalek bilkurak egin zain, ibarreko gainontzeko udalek aho batez onartu dute plana. Hura www.sakanagaratzen.com orrian kontsultatu daiteke, “anbizio handiko plangintza da; helburu garrantzitsuak ditugu” laburbildu du Iker Manterolak, Sakanako Garapen Agenteak.
Behin plana onartuta bi dira segituan emanen diren urratsak. Batetik, haren edukiaren berri Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari emanen zaio. Baita herrialdeko gainontzeko eragileei aurkeztu ere. Sakanan plana aurrera ateratzeko elkarlana beharrezkoa izan eta izanen da baina herrialdeko erakundeen elkarlana ere bilatuko da, plana gauzatu ahal izateko, bestelako laguntzak beharko baitira. “Bidea egin ahala konfiantza eta elkarlan esparruak zabaltzen joan beharko dugu, planarekin egin dugun moduan” esan digu Manterolak.
Azken urtean Sakanan egin den lana ez da udalen eskumena, Nafarroako Gobernuari dagokio. “Dugun egoera ikusirik plana egiteko konpromisoa hartu zuten udalek eta gainontzeko erakundeek”, azaldu digu Manterolak. Nafarroako Gobernutik aurretik izandako harremanetan Sakanan plana adosteko eskatzen zuten gero haiek lagunduko zutela adieraziz.
Horrekin batera, Sakanako Garapen Agentzia eta Cederna-Garalur SPE jasotako ekintzen artean lehentasunak markatzen hasi dira, 2014-2015 eperako lanak zehazteko. Horien berri aurki ematea espero da. Izan ere, aste honetan bertan lau lantaldeak horiek zehazteko lanak hasi baitituzte.
Lau esparruak
Sakanan krisi ekonomiko gogorra eta %23ko langabezi tasa baino handiagoa izanik, planaren helburu nagusia ekonomia, gizarte eta ingurumen jasangarritasunean oinarritutako enplegua sortzea da. Horretarako lau esparru estrategiko zehaztu dira:
elikadura (lehen sektorea eta elikagaien industria), industria (industria eta enpresa-zerbitzuak), energia (basogintza, energia berriztagarriak eta eraikuntza) eta turismoa (turismoaren sektorea). Esparru guztietan arlo transbertsal gisa hezkuntza eta merkataritza gehitu zaie.
Esparru estrategiko guztietan elkarlan espazioak bilatuko dituzte. Enpresa eta eragile guztien bat etortzea sustatuko da jarduera ekonomikoen kokapen estrategikoa hobetzeko dinamiketan sar daitezen.
Elikadura
Tokiko ekoizpen sistemak artikulatu nahi dira: dauden baliabideei balioa emateko eta lehen sektoreko eta industriako enpresa ekoizleen artean sareak sortzeko (elkarlan, berrikuntza, merkaturatze edo produktu berria sortuko espazioak garatzeko). Bestalde, kontsumitzaileen inplikazioa bilatuko da, horretarako auto-elikatuko den prozesuan sartzea bulkatuko da. Europatik sustatzen ari denarekin bat, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoarekin zerikusia duen guztia jasotzen da.
Industria
Egun dauden enpresen kokapena hobetzea proposatzen du planak. Horretarako ibarreko enpresen gaitasun teknologikoak zein diren, dituzten konpetentziak eta beharrak ezagutuko dira. Horietan oinarrituta ekimen jarraitua sustatuko da. Horretaz aparte, enpresa berrien sorrera bulkatuko da ekintzailetasun motak sustatuz eta baliabideak zehaztuz. Enpresak erakartzeko planteamendua egina dago. Azpiegiturak eta irudia hobetzeko ekintzak ere jasoak daude SPEn.
Energia
Industriatik atera da sektore hori, eraikuntza eta basogintza arloekin zerikusia duelako. Dauden baliabide, agente eta enpresak zein dauden zehaztu ondoren, energia berriztagarrien inguruan jarduera ekonomikoa sortzea da asmoa. Europatik halako energiak eta energia eraginkortasuna sustatzen ari dira. Biomasa, dauden enpresak, haien arteko elkarlana edo berriak erakartzea.
Turismoa
Ibarreko baliabideak eta ondarea (kulturala, paisaia, arkitektonikoa, artistikoa eta abar) zein diren identifikatu, balioa eman eta probetxua ateratzea da lehenik aurreikusi dena. Bestetik, dauden agenteen artean elkarlan espazioak sortzea, disgregazio eta atomizazioarekin bukatzeko. Elkarrekin, hobe saldu eta eskaintza turistiko hobea eta gaitasun handiagokoa lortzen da.
Planaren kudeaketa eredua
SPE egiten aritu den Sak-in Kontsultingeko Joseba Garmendiak plana aurrera eramateko ezinbestekotzat jo zuen: “borondateak bat etortzea, sareak sortzea. Horretarako, elkarlana, konfiantza, elkarrekikotasuna, jarrera eraikitzaile eta positiboa. Hori guztia lortzeko planak gobernu eredu bat izan behar du”. Hiru oinarri izanen ditu.
Motore dinamizatzailea
Sakanako Garapen Agentzia eta Cederna-Garalur, elkarlanean, izanen dira SPEren dinamizatzaileak. Motorea martxan jarriko dute eta bestelako eragileen elkarlana bilatuko dute. “Elkarlanak denendako balioa sortzen duela eta krisi egoerari erantzuna emateko balio duela erakustea lortu behar da” zehaztu zuen Garmendiak. Arbizun dagoen Utzugane Sakanako Garapen Zentroa izanen da gunea.
Lan batzordea
Egiten diren pauso guztiak aztertuko ditu. Etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen du; eta moldatu beharra badago hala eginen du. Horretarako SPEn hainbat adierazle zehaztu dituzte. Lan Batzordearen beste egitekoa izanen da dinamizatzaileei babesa ematea izanen da. Udal guztiak, Sakanako Mankomunitatea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta lantalde bakoitzeko bi pertsonek osatuko dute. Lanean nondik hasi jakiteko planean jasota lau arloetako bakoitzean dauden ekintzetako batzuei lehentasuna emanen diete. Horretarako kontuan izanen dituzte: dauden beharrak, dauden presak eta Sakanak dauzkan gaitasunak (teknikoak eta ekonomikoak).
Hausnarketa eta erabaki egiturak
Sakanako toki erakundek, Nafarroakoak eta Sakanako Sozio-ekonomia Behatokia izanen dira.