Edari energetikoek ez dizute hegalik ematen ezta indarrik ere, gertatzen dena indar handiagoa duzula sentiarazten dizutela, kafeina pilo bat dutelako.
Bai, edari hauek kafeina pilo bat dute, lata bakoitzean gutxi gorabehera 3 katilukada kafe. Non dago arriskua? Inork ez ditu hartzen 4 kafe jarraian, baina edari hauek jarraian hartzen dira, freskagarri moduan; ez dira freskagarriak, ordea; horregatik da hain erreza toxikatzea.
Hala ere, ez dago kafeinan bakarrik arazoa, lata bakoitzak dituen gainontzeko aditiboetan baizik.
Ikerketek diotenez edari hauek haurrek eta nerabeek hartzen dituzte benetan jakin gabe zer hartzen duten. Ezin dugu ahaztu lata batean kafe normal edo kola freskagarri baten kafeina hirukoitza dagoela eta kantitate handian hartuz gero, zenbait sintoma azaldu daitezkeela: haserrekortasuna, umore aldaketak, erasokortasuna, irrika…
Baina gogoratu dezagun nola sortu ziren edari hauek eta zertarako.
Gehiegizko esfortzua ematen ziren momentuetarako pentsatu ziren, baina gaur egun beste helburu batekin erabiltzen hasiak dira; festa giroan eta alkoholarekin nahastuta.
Medikuek alarma gorria piztu dute praktika honen arriskuez jabetzeko, hau da edari energetikoak alkoholarekin nahastearen moda. Gero eta gehiago dira urgentzietara doazen gazteak, antsietatea eta takikardiekin edari energetikoak alkoholarekin nahastuta edan ondoren.
Edari hauekin, beste gauza askorekin bezala, mitoak daude: “edari energetikoek odolean dagoen alkohol kontzentrazio maila jaitsi egiten dutela esaten dute”. Kafeinak ez dauka magia hori. Alkohola kanporatzeko modu bakarra denbora pasatzea da eta badakigu gorputzak ordu bat behar duela alkohol unitate bat (adibidez bi garagardo) kanporatzeko. Beraz, ez diezaiegun edari hauei eman ez daukaten indarra eta gogoratu gorputz bakarra dugula eta bakoitzari dagokigu ondo zaintzea!!