Aitor Garcia, Baiza Parapente Taldea

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2014ko ekainaren 6a

1.Sakanako Baiza parapente taldea noiz sortu zen?
Duela 25 urte sortu zen Baiza taldea. Urbasako bargan, Etxarriko maiatzaren ondoan dagoen dermio batetik dator izena. Magal handi bat da, eta bere garaian handik hasi ziren hegaldiak egiten gure taldekideak. Izan ere, egungo parapenteak eta ordukoak oso ezberdinak ziren. Orduan korrika gehiago egin behar zen hegaldia atera ahal izateko. Baiza malkartsuagoa da, eta errazagoa zen bertatik irtetea. Eta hortik dator izena. Ordutik asko aldatu da gauza. Zer hegaldi egiten zen bere garaian, orain nola ibiltzen garen, materialaren garapena… beste gauza bat da.

2. Orain nondik abiatzen dituzue hegaldiak?
Egungo parapenteekin ez duzu behar halako karrerak egitea hegaldiak egiteko, eta horrek laguntzen dizu leku ezberdinetara joatea hegan egiteko. Ipar haizearekin Santa Marinatik abiatzen gara, eta hegoarekin Aralarko San Migeletik. Gero amestutako lekua dago, San Donato izan daitekeena. Baina gutxik egin dute hegan bertatik, goraino oinez joan behar zarelako, materiala gainean. Ekipo batzuk pisuak dira, baina beste batzuk askoz arinagoak. Hor ere badago aldea..

3.Baizak parapente eguna antolatu du bihar. Horretaz gain, 25 urteurrena ospatzeko Altsasuko Iortian hitzaldia, parapenteen erakustaldia eta beste egin zituen. Zein da helburua?
Saiatzen gara herritarrei kirol hau gerturatzen, ez delako kirol bat edozein momentutan gertutik ikusi daitekeena. Iortian parapenteak jarri genituen jendeak parapenteak gertutik ikusteko, esertzeko, hitzaldiak ere eman ditugu, bideoak… finean jendea jabetzeko zein den gure kirol hau, gertu dagoela eta erabiltzea dutela. Hegan egitea ez da zaila, erraza da, eta denondako irekia den ekintza da

4.Edozein poltsikorako?
Baietz uste dut. Kirol guztiek dute beren gastua. Ez da garestia, hartzen duzun ekipoa erabiltzen duzun urte guztietan zehar amortizatzen duzulako. Gainera, 2. eskuko materiala hartu dezakezu, eta taldeko kideek laguntzen dizute materiala ongi dagoen edo ez ikusteko. Eta ez baduzu erosi nahi, norbaitek utzi ahal dizu.

5.Parapentean hasi nahi duenak zer egin dezake? Zuengana jo?
Guregana gerturatu dadila. Nik ikastaro bat egin nuen beste toki batean eta ez nuen maila nahikoa nire kabuz bakarrik ibiltzeko. Bloga, (http://sakanaparapente.blogspot.com.es), facebook (Sakana Parapente) eta twitter (sakanaparapente) bidez Baizakoak ezagutu nituen, deitu nien eta eskuzabalik hartu ninduten. Egun taldean nago.

6.Noiz dago bat prest hegan egiteko?
Gu zelai batean hasten gara probak egiten, parapentea gora, behera… konfiantza hartzen. Baina beti dago egun seinalatu hori, hegan egitera bakarrik aterako zarena. Talkie bat izanen duzu, jende ezaguna gertu zuri laguntzen… baina egun hori bakarrik pasatu behar duzu. Abiatu eta lur hartu behar duzu bakarrik. Parapentean hasi aurretik, Baizak eskaintzen duen biplaza horietako batean probatzea komeni da, konturatzeko zer sentsazio sentitzen den hegan zaudenean. Hor ikusten duzu benetan gustatzen zaizun edo ez. Ni ikastaro batez galdetzera joan nintzen, konturatzerako hegan nengoen eta lurra hartzean esan nion: zenbat balio du honek? Nik hau egin nahi dut. Pentsatzen da goian sekulako tentsioarekin egon behar dela bat, baina kontrakoa da. Kirol lasaia da. Zu lasai-lasai zaude, zure sentsazioekin…  merezi du, eta jendeari gomendatzen diot behintzat behin proba dezala biplaza batean hegan egiten.

7.Kirol arriskutsua da?
Kirol guztiek dute beren arrisku puntua eta gehiago konfiantza hartzen duzunean. Kotxean ibiltzea bezala. Baina besterik gabe. Saiatzen gara beti taldean ibiltzen. Ez da komeni bakarrik joatea, inoiz zerbait gertatzen bazaizu ez baitizu inork lagunduko. Mendira ere bakarrik bazoaz eta txorkatila bihurritu… atera hortik!

8. Bihar, larunbatean, parapente eguna antolatu du Baizak Iturmendin. Zergatik?
Urtero egin izan da topaketa hau. Asmoa da bertako eta kanpoko jendea elkartu eta egun zoragarri bat pasatzea hegan egiten. Baina aurten beste buelta bat ematen saiatu gara eta nahi duguna da ere parapente mundua herriari erakustea, kanpoko jendeak Sakanako bailara ezagutu dezala, gurean dagoen paisajea, landetxeak eta beste.

9.Zuek ere beste tokietako topaketetan aritzen zarete?
Bai, noizean behin mugitzen gara. Baina gehienbat hemen ibiltzen gara. Etxean daukaguna edukita, zaila da kanpora ateratzea. Ez gara aspertzen, guztia aldatzen doalako: ez da paisajea bakarrik aldatzen, haizea aldatzen da, hegan egiteko kondizioak ere… dena aldatzen da. Hegan egiten duzun aldi bakoitza ezberdina da. Egun batzuetan  bertan hegan egiten gelditzeko aukera dago, beste batzuetan berehala behera jaitsi behar duzu, ezin delako, eta beste batzuetan kros bat egin dezakezu eta auskalo noraino joan.

10.Zer antolatu duzue biharko Sakana Parapente Egunerako?
90 bat pertsonak eman dute izena aurretik, espero baino gehiago. Gasteiztik, Urduñatik, Iruñetik, Gipuzkoatik datoz, eta Leonetik 6 pertsonako taldea hurbilduko da. Espero dezagun iparrak jotzea, Santa Marinatik hegan egitea nahiko genukeelako, azpiegitura guztia Iturmendiko bajera batean prestatu dugulako. Egun osoan barna bertan egonen da zer jan eta zer edan. Goizeko 10:00etatik aurrera 60 bat parapente zeruan ibiliko dira hegan. Besteak gora eta behera ibiliko gara jendea igotzen. Gida batek azalduko die nondik norako hegaldia egin beharra dagoen, non sartu daitezkeen, non ezin diren sartu eta beste. 18:30ean azken hegaldiak izango dira eta ondoren Altsasura joango gara, Il Padrino taberna parean Ordiziko Cabbage City Rockers taldearen kontzertua eskainiko du, The Clash taldeari tributua, eta ondoren afaltzera bilduko gara. Oso kontentu gaude eguna antolatzeko laguntza handia izan dugulako. Herri mailako denda, enpresa, landetxeak.. uste genuena baino gehiago lagundu digute. Oso ondo portatu dira eta eskerrak eman behar dizkiegu.

11. Gure esku giza katea igandean. Goitik ikustea polita litzateke.
Paisajea askoz politagoa izango da. Taldeko hainbat kide hegan egitera aterako gara. Batzuek prentsari lagunduko diote, bertatik irudi ikusgarriak hartzeko, eta beste batzuk hegan egitera joango gara zeruari beste itxura bat emateko. Haizeak lagundu beharra dauka. Hego haizea behar dugu San Migeletik ateratzeko!