Mahai jokoen berora elkartuta

Guaixe 2014ko ekainaren 5a

Herenegun jokatutako finalekin despeditu zen Nafarroako ipar-mendebaldeko adinekoen mahai jokoen txapelketaren seigarren edizioa. Maiatzaren 13an hasi zen lehia eta astero, astearte eta ostiraletan jokatu da txapelketa. Jokalriak bi multzotan banatu ziren: Leitza, Lekunberri, Irurtzun eta Uharte Arakilgo elkarteetakoa alde batetik eta, bestetik, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutikoak.

Musean 22 bikote neurtu ziren, briskan 12, tutean 10 eta partxisean 6. Multzo bakoitzeko onenak Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkartean jokatu zen final-aurrekorako sailkatu ziren eta handi atera ziren finalistak. Elkarteek emandako gazta bana eta Nafarroako Kutxa fundazioak emandako sariak jaso zituzten.

Finalistak
Altsasuko La Union jubilatu elkartean erabaki ziren lehiak. Musean Uharteko Felix Ollok eta Juan Martinezek Bakaikuko Pedro Ariz eta J. Mª Zeberiori irabazi zieten. Briskan Asun Aldaz eta Pili Albiztur urdiaindarrak Begoña Berastegi eta Mª Luisa Araña arbizuarrak baino hobeak zian ziren. Tutea, berriz, Bakaikuko Ignazio Gorriti eta J. M. Larrañaga Uharteko Antonio Urrozi eta Mª Luisa Lacalleri nagusitu zitzaizkien. Azkenik, partxiseko txapela Irurtzunen bukatu zuen, Begoña Boria eta Antonia Rodriguezen eskutan, Bernarda Velasco eta Ines Perianez olaztiarrei irabazi zieten eta.   

Krisiaren eragina
Jubilatu elkarteak euren bazkideei hainbat jarduera eskaintzen segitzen dute baina nabaria da krisi ekonomikoaren eragina. Altsasuko La Union elkarteko buru Emilio Boulandierrek esan digunez, bidaietarako izena ematen dutenen kopurua asko jaitsi da, diruz lagunduta badaude ere bidaiariek orain gehiago ordaindu behar dutelako. Beste elkarteekin bat eginda ateratzen dira bidaia horiek aurrera.

Osasunaren arloko jarduerei ere eusten diete. Altsasun, esaterako, gimnasia edo memoria tailerrak egiten dira. Boulandierrek azaldu digunez, horretarako laguntzetan ere jaitsiera izan da. Baina izen ematerakoan ezin dute diru askorik eskatu pentsioak urriak direlako. Izan dituzte bestelako jarduera batzuk Altsasun, informatika edo eskulan ikastaroa eta dantzaldiak. Udarako hondartzarako irteera antolatuko dituztela aurreratu digu Boulandierrek.