Informatika aplikazio eta 3D sortzaileen mintegia

Guaixe 2014ko ekainaren 5a

Teknologia berrien bidez irudiak moldatu eta informatika aplikazioak sortzeko eskola tailerrean 18 gazte ari dira trebatzen.

Pasa den asteartetik Utzuganek, Sakanako Garapen Guneak, Sakana Animatika 3D eskola tailerra hartu du. 30 urte baino gutxiago duten langabetuei zuzendutako ikastaroa da eta 15 hilabeteko iraupena izanen du. Enplegu eskola tailerreko ikasleek jasoko duten prestakuntza bereziki praktikoa izanen da eta ikasketak bukatzean lan merkatuan ikasleek opatuko dutenean oinarritua. Guztiak lan merkatuan sartzea erraztu nahi dute.

Ikasleei bi arlotan eskainiko zaie izaera praktikoko prestakuntza osoa. Batetik, ikus-entzunezko produktu interaktiboen garapena. Harekin ikasleek katalogo komertzialak, web eta blog multimediak edota liburu eta entziklopedia interaktiboak egin ditzakete, gailu digital tradizionaletarako, telefono adimenduetarako edo multiplataformako gailu berriendako.

Bestetik, ikasleek 3D animazioan ere trebatuko dira. Horrek fikzioaren eta animazio zinemaren ateak zabalduko dizkie. Izan ere, modelatze, testura emate, eszenatoki, argiztatze ezagutzak jasoko dituzte eta gidoiko aspektuak islatzen jakinen dute haiek gero zinema, telebista, publizitatea, efektu berezi, argazki-errealismo, errealitate handitu eta bestelakoetarako sormen oinarri izateko. Akaberan, bai batak bai besteak akreditazio ofizialeko 3. mailako Ziurtagiri Profesionala emanen die ikasleei.

Irakasle eta ikasleak
Urko Mauduit 3D garatzaile irurtzundarrarekin batera Begoña Eguaras (bideo, grafiko eta bestelakoetan aditua) eta Diego Perez Randez (informatika-multimedian aditua) izanen dira adituak.

Haien esanetara 18 ikasle izanen dira, 60 hautagairen artean aukeratuak. Ez zuten ikasle guztiak sakandarrak izatea nahi. “Denak espezializazio bera izanik, ezer ez izatetik gehiegi izatera pasako ginateke eta hori ere ez da ona. Lana opatzeko sakabanaketa ona da. Helburua lanpostuak sortzea da”. Horregatik, Sakanako 11 ikasle daude, Larraungo 1 eta Iruñerriko 6.

Gainera, hautatutakoek aurretik zituzten ikasketak ezberdinak izatea nahi zuten. Batzuendako lanbide aldaketa izateko eta besteendako aurreko lanbidearen osagarri izan dadin. Azken horiek enplegu aukera hobeak izan ditzakete. Eta lanbide berri gisa hartzen dutenek, berriz, autoenpleguan sakondu beharko dute.

Egitekoak
Lehen hilabeteak ikasten emanen dituzte ikasleek eta gainontzekoetan lanean. Horretarako Utzuganeko ikasketa gunea hiru espaziotan banatuta dute. Alde batean, ordenagailuak dituen gela dago, bestean teoria gela eta, azkenik, jangela. Aurreneko bi espazioak sei-zazpi hilabete barru guztiz eraldatu dituzte eta ikasleek lan tailer eremuak sortuko dituzte, coworking-a, haiek sortutako mikro-enpresek euren lanak egin ditzaten. Eskola-tailerraren asmoa ere baita eduki digitalak sortzeaz aparte enpresa txikien kudeaketa egiten erakustea.

Enpresa txiki horiek lan karga izateko tailerreko arduradunak Sakanako enpresa eta toki erakundeetara jo dute. Dagoeneko, Irurtzun, Arbizu eta Altsasuko Udalen, Sakanako Mankomunitatearen, Sakanako Garapen Agentziaren eta Sakanako Enpresaren Elkartearen babesa jaso du. Baita Lacunza Calor de Vida, Inox Naparra edo Euro Alloys enpresek ere interesa azaldu dute. Inork eskola tailerrean praktika garaian sortuko diren edukien premia badu, ongi etorria emanen diete. Web bat zabalduko dute egiten dituzten lanak erakusteko.

Bestalde, Utzuganen jarri duten ordenagailu gela, eskola-tailerrak libre uzten duenetan (arratsaldeak eta larunbatak) libre geratuko da, prestakuntzarako edozein ekimenerako erabilgarri. Eskola-tailerreko arduradunek jakinarazi dutenez, aurrerago teknologia garatuagoen eskaintza egitea dute buruan.



Ideia
Urko Mauduit irurtzundarra da eskola tailerraren arima. Bera Iruñeko Sistema akademian irakasle zela ezagutu zuen Ramon Gurmendi, jabea. Urkok lanak egiten zituen eta 3Dk Nafarroan zuen egoeraz luze hizketatzen ziren: garatzaileek nork bere alde lan egiten zutela eta inon ez zegoela sorkuntza zentrorik, 3Da garatzeko eskola tailerra egoki izan zitekeela… Ideia buruan zuten baina ezin garatu, legediak ez zuen tokirik uzten.

Pasa den urtean izan zen legedi aldaketa batek ahalbideratu zuen enpresak eta eskola tailerrak lotzea. Horretarako irabazi asmorik gabeko erakunde baten beharra zegoen. Gurmendik aurretik Nueva Gestion Fundazioarekin lan egina zuen eta Mauduit haiekin harremanetan jarri zuen. Fundazioak sustatuta pasa den urtean egitasmoa diru-laguntza deialdira aurkeztu zuten baina ez zuten ezer lortu. Aurten hobetu egin dute eta onartu diete. Bosgarren notarik onena eman diete, udal bat ez den lehen erakundea izan dira sailkapenean.

Nueva Gestion Fundazioa ikerketan eta analisian espezialdutako erakundea da eta bere helburu nagusia da Nafarroako garapen sozialean eta ekonomikoan inplikatutako enpresei, erakundeei eta instituzioei ezagutza eta informazio tresnak ematea.