ELA sindikatuak Legegintzako Herri Ekimena abiarazi du. Ekimenaren helburua sektore publikoko azpikontratetako enpleguari eustea eta gutxieneko baldintza batzuk bermatzea da. “Murrizketen eta erreformen ondorioz lan-baldintzak prekarizatu dira, eta bereziki administrazio publikoetako azpikontratetan lan egiten dutenenak. Azpikontrata aldatzen denean enplegua mantentzeko, lan-hitzarmenak bete daitezen behartzeko eta enpresen ez-betetzeak edo hausteak zigortzeko helburua du Legegintzako Herri Ekimen honek. Esplotaziorik ez dugu nahi. Horretarako, Legegintzako Herri Ekimena sinatzera gonbidatzen ditugu sakandarrak” adierazi dute ELA sindikatutik.
Aipatu Legegintzarako Herri Ekimena aurrera ateratzeko, Nafarroan 7.000 sinadura behar dira. Ostegunean Altsasuko azokan sinadurak jasotzen egon ziren, eta Sakanan 700 sinadura jaso dituzte guztira. Aste honetan Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dituzte, eta parlamentuak erabakiko du proposamena onartzen duen ala ez.