Kontu Ganbera: Mank-en finantza egoera ona da

Guaixe 2014ko ekainaren 5a

Fiskalizatze erakundearen arabera Mank-en kontuek, oro har, ongi islatzen dituzte ondare eta finantza-egoera

Nafarroako Kontuen Ganberak Sakanako Mankomunitatearen 2012ko kontuak aztertu ditu pasa den asteartean aurkeztu zuen txostena Nafarroako Parlamentuan. Fiskalizazioaren eskaera Parlamentuak berak egin zuen, UPN taldeak eskatuta. Mank-en kontuak eta bere menpeko Sakanako Garapen Agentzia sozietatea aztertu dute.

Kontuen Ganberak dioenez, Mank-en 2012ko kontuek, oro har, ongi islatzen dituzte ondare eta finantza-egoera, eta aurrekontu likidazioa. “Dena den, finantziazio-desbideratzeen kalkuluan huts batzuk daude, eta horren ondorioz diruzaintzako gerakina uste baino murritzagoa da”. Bestalde, Kontu Ganberak esan du mankomunitatearen ondasun guztiak biltzen dituen zerrenda gaurkoturik ez dagoela. Bi salbueslpen horiek kenduta, Kontu Ganberak ibarreko erakundearen kontuen aldeko iritzia du.

Legezkotasunari dagokionez, txostenak dio mankomunitatearen jarduera finantzarioa indarrean dagoen legediaren arabera egiten dela. Kontu Ganberaren txostenak finantza egoera ere aztertu du. 2012an, diru-sarrerak 3,6 milioikoak izan ziren. Gastuak, berriz, 3,3 milioikoak. Gastuetan langileriarena (1,3 milioi) eta ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketak (1,2 milioi) dira nagusiak. Diru-sarrerei dagokienez, tasa eta prezio publikoei esker 1,8 milioi bildu zuen, eta transferentzien bidez milioi eta erdi euro.

Mankomunitatearen finantza egoera ona da. Batetik, aurrekontu-defizitarik ez duelako eta likidezia duelako hurrengo ekitaldietako gastuei aurre egiteko. 2012ko abenduaren amaieran milioi bat euroko zorra zuen, hamabi maileguren artean banaturik, eta milioi erdi euro diruzaintzan, gastuei aurre egiteko.