Pertsonak kate begi bihurtu eta Durango eta Iruña lotu zituzten atzo. Gure Esku Dago dinamikak erabakitze eskubidearen alde deitutako giza kateak 123 km-ak bete zituen. Goizetik mugitu beharrak eta eguzki ederrak itzala eta freskagarriak bilarazi zizkien Sakanan 30 km inguru egin ziren katean eta jendetzak parte hartu zuen. Lizarragabengoa eta Lakuntza arteko bi km-ak bete zituzten sakandarrek.
Etxarrin
Katea bukatu ondoren ekitaldia egin zen Etxarri Aranatzen. A13 ekimeneko Mikel Mundiñanok gogora ekarri zuen Etxarrin bertan egindako herri galdeketa, erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa izan zela adieraziz. Dinamikako Nafarroako arduradun Mikel Sotok hiru printzipio nabarmendu zituen: herriaren erabakitzeko eskubidea, hori era demokratikoan gauzatzea eta herritar guztiek euren ideiak askatasunez defendatzea. Beñat Gaztelumendi bertsolariak bi bertso kantatu zituen eta Etorkizunako dantzariek ekimeneko kantuan oinarritutako koreografia dantzatu zuten.
Mila pertsonek bazkaldu zuten frontoian. Asko eta asko izan ziren etxetik ekarri zutena jatekoak, eta tabernek ere gogoz lan egin zuten. Musika kontzertuak eta dantzaldia 20:00ak arte luzatu ziren. Ordurako Arbizu eta Etxarri Aranazko industrialdeetan 180 autobusetik gora aparkatuak zeuden eta haietan bueltatu zen jende asko. 21:30erako, berriz, Etxarriko plaza garbi zegoen eta jarritako barrak desmontatuta.
Atzoko egunari buruzko gehiago hemen.