Mariñelarenak agur Mundialari

Guaixe 2014ko ekainaren 11

Eroriko larriaren errekuperazioa luze doa eta aurten ezingo duela Mundialean aritu azaldu du pilotu irurtzundarrak

Alex Mariñelarena pilotuak istripu larria izan zuen otsailaren 27an Frantziako Paul Ricard zirkuituan, Tech3 bere taldearekin Mundialerako entrenatzen ari zela. Koman egon zen 6 egunetan. Hasieran Touloneko ospitalean egon zen eta martxoaren 21ean Iruñeko Klinika Unibertsitariora ekarri zuten. Prozesuan 14-16 kilo galdu zituen, apirilean ospitalean alta eman zioten eta ordutik errehabilitazio prozesuan ibili da.

Ostiralean bere facebookean adierazi duenez, aurtengo Mundialean ezingo da zirkuituetara itzuli. “Orain arte nire bizitzan bizi dudan une gogorrenetakoa da hau. Istripuak nire pilotu ibilbidean izan dituen ondorioak onartzea oso gogorra. Egoera zaila da eta nire bizitzako unerik inportanteenean hau gertatzeko ez nengoen prestatua. Aurten ezingo dut Munduko Motoziklismo Txapelketan parte hartu. Errekuperazioa aurreikusi baino gehiago luzatzen ari da. Horregatik, nahiz eta gertatzen ari dena onartzea gogorra izan, 2014 urte honi aurpegia eman behar diot. Ziur nago asko ikasiko dudala” onartu du pilotu irurtzundarrak.

Eskerrak
Halaber, zaleek, lagunek eta ezagunek bidalitako mezuak asko animatzen dutela nabarmendu du irrutzundarrak. Bestalde, eskerrik beroenak eman nahi dizkie bere babesleei, Targobanki bereziki, eta Tech3 bere taldeari. “Oso eskertuta nago nire bizitzako aukera politena emateagatik eta eman didaten babesarengatik. Tech3ko taldekideei zorterik onena opa diet. Nigatik izugarri arduratu dira” onartu du.