Sakana Baiza Parapente Taldeak Sakanako Parapente Eguna antolatu zuen larunbatean. 100 pertsona inguru bildu ziren goizetik Iturmendin, baina hegoko haize bizi-biziak ez zuen hegan egitea baimendu. “Egunaren beste helburua gure bailara erakustea zen, eta horretan ibili ginen. Gurean dagoen paisajea, hegaldiak egiteko tokiak eta beste erakutsi genizkien etorritakoei. Euskal Herriko jendeaz gain, Madril, Ciudad Real eta Leongo jendea bildu ginen. Guztiak txundituta geratu ziren Sakanak hegan egiteko eta turismoa egiteko dituen aukerekin” adierazi digu Sakana Baiza Parapente taldeko Iaio Arratibelek. Sakana Parapente taldeak bajera bat prestatu zuen Iturmendin eta bertan zer jan eta zer edan egon zen egun osoan.
Baina, bat-batean, haizea baretu zen, iparrera aldatu zen eta arratsaldean parapenteak Sakanako zeruan barna gozatzen ikusi genituen. “30-40 pertsona oinez igo ziren Santa Marinara. Parapenteak ibilgailuz igo genituen eta gero hegan egiteko aukera izan zen. Eta jendea, oso-oso pozik. Babesleek emandako produktu eta opariekin are gehiago!” gaineratu du Iaiok.
Arratsaldeko zortzietan jai giroak Altsasun jarraitu zuen. Il Padrino parean kontzertua eskaini zuen Cabbage City Rockers taldeak eta afari ederrean bildu ziren 120 pertsona inguru. Hainbat pertsona asteburu osorako etorri ziren eta igandean ere parapenteak ikusi ahal izan ziren Sakanako zeruan.