Urte akaberarako erabilgarri izanen da Nafarroako Antzoki Sarearen (NAS) sarrera sistema komuna. Sarean, bestalde, eszenen katalogoa egin eta sareko espazioen programazioaren zabalkunderako tresnak prestatzen ari dira ere. Horiek guztietarako Nafarroako Gobernuaren 70.000 euroko diru-laguntza izanen du NAS-ek.
Foru administrazioarekin sareak duen elkarlana ez da soilik horretara mugatuko. NAS-ek bere jardunaren datuak emanen dizkio Kultura Departamentuari Nafarroako kultura jardueraren datu bilketan laguntzeko. Horretaz aparte, Nafarroako artista taldeen katalogoaren zabalkundean lagunduko du NAS-ek. Sarearen irudia orokortu eta estandarizatuko da. Bestalde, kultur teknikarien artean programazioaren berri zabalduko da eta, horretarako, haiek dantza edo antzerki ferietara, kongresuetara, jardunaldietara, seminario eta jaialdietara joatea erraztuko da. Azkenik, sareko espazioen eta Nafarroako arte sektorearen arteko elkarlan formulak ikertuko dira.