Mikel Sasiain, Aritz Munarriz eta Asier Beltza, Etxarri Aranazko Trikutrail mendi lasterketa

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2014ko ekainaren 20a

1. Ekainaren 29rako Trikutrail mendi lasterketa antolatu duzue Etxarri Aranatzen. Nola sortu da ideia?
Azken urtetan mendian korrika egiteko zaletasun handia dago. Bospasei pertsonako taldea gabiltza, eta hazten. Etxarri ingurutik buelta ezberdinak egiten ditugu entrenatzeko. Karrikestu elkartetik proposamena egin ziguten, ea mendi lasterketen bat prestatzeko aukerak egongo ote ziren. Pentsatu genuen zergatik ez guk entrenatzen ditugun buelta horiek gehiago zabaltzea. Horrela, taldea sortu genuen, Trikutrail, eta proba antolatzen hasi ginen, hasieran non sartzen ginen ongi jakin gabe.

2.Etxarriko ferietan jokatzen den mendira joan etorria da Etxarrin dagoen beste proba.
Bai, baina karrera ezberdina da hau. Mendira joan etorria karrera oso gogorra da. Kilometro aldetik ez du ematen asko denik, baina oso errodatuta egon behar zara hura egiteko, abiadura handiak hartzen dira eta erlojuaren presiopean ibiltzen da jendea. Aldiz, lasterketa luzeagoetan erronka pertsonalagoak izaten dira gehiago, erlojuari horrenbeste begiratu gabe. Jendeak beste modu batean hartzen du, proba bukatzera joaten da gehiago. Eta guk horretara bideratu nahi dugo Trikutrail: ahalik eta jende gehiagok parte hartzea, ahalik eta herrikoiena izatea. Hau da, erronka izatea proba bukatzea eta egun polita pasatzea. Eta horren inguruan guk hilabete batzutan motibatuta egotea, guztia prestatzen.  

3. 21 km izango ditu. Nolakoa izango da?
Irteera eta helmuga Etxarriko Kanpinean izango ditu. Exigentea izango da, baina ezberdina. Izan ere, mendi lasterketa gehienetan mendiak igotzera jotzen da. Baina Trikutraila gehienbat basoan garatuko da. Hariztien eta pagadien artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak. Sentsazioa ezberdina da. Mendi lasterketa baino, baso lasterketa da gehiago.

Probak 1340 metroko desnibel positiboa izango du, 2800 metroko desnibel metatuta. Gogorra da baina 4 ordu eta erdiko denbora dago egiteko, nahikoa. Hortaz, jendea animatu dadila eta presio gabe lasai etor dadila. Ez dago guztia zertan korrika egin behar, bakoitzak ahal duen erritmoan egin dezala. Dena den, norbaitek ikusten badu larri dagoela, irteera eremu batzuk ere markatu ditugu, jendeak proba uzteko.

4.Irteera eta helmuga Etxarriko kanpinean ditu. Hariztien ibilbidea ezagutzen duenak proban kokatu daiteke.
Hariztietatik bai, baina harekin lotuta, aspalditik trikuharrien ibilbidea dago, 16 km ingurukoa, eta luzatu dugu, baina hori da probaren oinarria. Hortik izena, Trikutrail. Beti Beriainera begira egoten gara, baina mendi lasterketetarako baso hau oso interesgarria da eta aukera asko ematen ditu. Ferietako mendi igoerako tokitik ez genuen pasatu nahi, eta sortu dugun ibilbidea guk entrenatzeko askotan erabiltzen dugun lekua da. Kristoren basoa da.

5. Zenbat denbora daramazue proba prestatzen?
2013ko uztailean egin ziguten proposamena. Beste proba batzuetako antolatzaileekin kontsultatu genuen, bilera batetara deitu genituen. Uharteko kilometro bertikala antolatzen duen Juanjo Goikoetxeak bideratu gintuen. Zein aukera dagoen, zer behar den, egin beharrekoak…

6. Kartela toki askotan ikusten da, sare sozialetan oso aktiboak zarete eta aurkezpen bideoa ere egin duzue. Zein erantzun ari zarete jasotzen?
Beste lasterketetan eskuhorriak banatzen hasi ginen. Izan ere, lasterketa zabaltzeko lan handia egin dugu. Normalean lasterketetan jendeak azken unera arte itxaroten du izena emateko, izan ere, aurretik ez dakizu nola egongo zaren, zaintiratu edo lesioren bat izanen duzun… Momentuz 165 pertsona daude izena emanda baina 300 pertsona hartzeko topea dugu.

7. Izena emateko zer egin behar da?
www.kirolprobak.com web orrian eman behar da izena, garagarrilaren 26ra arte. Bestalde, 1200 euro banatuko ditugu sarietan. Lehendabizikoek, gizonak eta emakumezkoak, txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira.

8.Hurrengo urteetan Trikutrailak aurrera jarraituko du?
Hori da asmoa, urte askotan jarraitzea eta lasterketak indarra hartzea. Uste dugu ibilbideak berak baduela arrakastatsua izateko aukera asko. Eta horrekin lotuta Etxarrik eta Sakanak kirol hau praktikatzeko dituen aukera mordoak erakutsi nahi ditugu. Oso leku ona da hau, ez dago oso garatuta baina kristoren indarra hartzen ari da. Berak, Zegamak, izen handia lortu dute, baina uste dugu gure ibilbide hau ez dela oso atzean geratzen. Are gehiago, bere berezitasunak ditu. Aukerak ditu hemendik urte batzuetara Euskal Herrian erreferentziazko proba bat izateko.

9. Bide horretan, proba Nafarroako Txapelketan sartzea pausu bat bada.
Proiektua mendi federazioan aurkeztu genuen, perfila ikusi zuten, taldea oso motibatua geundela jabetu ziren eta Nafar Federaziotik atera zen proposamena gurea Nafarroako Txapelketan sartzeko. Guretzako inportantea izan da lehen edizioan bertan sartzea.

10. Sakandar askok emango dute izena?
San Pedroak dira, herri batzuetan jaiak, baina Etxarrin eta Sakanan, orohar jendea animatuta dago. Euskal Herritik jende asko etorriko da. Valentziako talde bat ere hurbilduko da. Gu, jakina, lanean ibiliko gara. Ildo honetan, boluntarioak beharko ditugu, aparkalekuak, hornidura guneak, proba ondoko auzatea… guztia martxan jartzeko. Elkarte ezberdinei ere inplikazioa eskatu diegu eta jendeak ere borondatea du. Herri osoak lasterketa bere sentitzea nahi dugu, herri guztia proban inplikatzea.  

11. Hau guztia posible izateko, babesleen laguntza ezinbestekoa da.
Sakanan dagoen egoera ikusita, jendeak bere ahalegina egin du eta bihotzez eskertzen dugu. Eta besterik gabe, jendeari Trikutrailean aritzera animatu nahi diogu. Oraindik izena emateko epea dago. Etxarriko igerilekuetan familia, lagunak edo haurrak utzi, gustura korrika egin eta gero egun pasa bikaina. Animatu!