Foruzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean

Guaixe 2014ko ekainaren 18a

Foruzaingoaren autoa Altsasun.
Bi polizien arteko koordinazioa hobetuko da, informazioa trukatzeko eta batera gauzatzen diren operazioetarako protokolo bat izanen baitute.

Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza-protokolo bat sinatzea onartu du gaur, informazioa eta esperientziak trukatzeko eta batera gauzatu beharreko operazioak garatzeko.Hitzarmenaren helburua lankidetza formalizatzea eta arautzea da, orain arteko harremanak finkatu eta programa, plan, estrategia, material eta teknologietan elkarrekiko laguntza handitzea.

Bi polizia-erakundeek trukatu izan dute informazioa eta operazioak batera egin izan dituzte: neguan bide segurtasun arloan edo herritarren segurtasunari dagokionez  Elizondo, Altsasu eta Lizarrako polizia-etxeekin batez ere, eta genero-indarkeriaren kasuetan.

Protokoloan jasotakoaren arabera, koordinazio hainbat arlotara zabalduko da: polizia-prozedura eta -operazioak, kriminalen sare antolatuen prebentzioa eta horien aurkako borroka, informazioa, ohiko delinkuentzia, genero-indarkeria, zirkulatzeko bideak mozteak bi autonomia-erkidegoei eragiteko aukera dagoenean, hondamendiak eta istripu handiak, polizien prestakuntza eta dokumentazio espezializatua, irakasle eta adituen eta polizia-ekimendu eta teknologia berrien trukaketa. Dokumentuak bi erakundeen arteko komunikazio-sistema ere zehazten du.